Revolutionary Brothers
“Reggae kutsua ematen diegu jaiei auzoan giro polita lortzeko”
Orain hiru urtetik Zipotz Jaietako ostegunetako musikaren ‘errudunak’ dira. Honez gain, groseko ‘Iraultza Anaiek’ gogor ekin diote urteari: euren disketxe eta zigilu berriarekin bi binilo eta diska bat argitaratuko dituzte, eta, euren kultur elkartearekin jo eta ke ari dira musika jaialdiak antolatzen. Adi! Aurtengo Zipotz Jaioetan ere egurra emango diote ostegunari!
-Txikitatik bizi izan dituzue Zipotz jaiak, haurrak zinetenetik eta, orain dela zenbat urtetik kolaboratzen ari zarete jaiekin?
Azkenengo hiru urteotan egon gara landiketzan jaietako ostegunari reggae kutsua emanez. Giro polita egon ohi da eta oso gustura gaude Zipotzetan parte hartuta eta lagunduta. Ederki asko!
-Makina bat jarduera antolatzen duzue, auzoan, orain hilabete graffiti eta kontzertuak ere antolatu dituzue.
Bai, gure taldeaz gain, IndaGlory Reggae Hip-Hop Kultura Elkartean ere murgilduta gaude. Komentatzen duzun ekitaldia ‘KulturaKalean’ izeneko jarduera izan zen. Hain zuzen ere, musika, graffitia eta gazteen arteko elkarlaneko arratsaldea izan zen, doakoa eta Gros auzoan, nola ez! Jende asko hurbildu zen eta arratsalde ederra pasa genuen, azkenean, heldu nahiz gazte, denok elkarrekin Catalunya plazan!
-Zipotz jaiek zer ekarpen egiten diote auzoari?
Jaiek sekulako bizitza ematen diote auzoari, Gaztetxearekin batera eskaintza kulturala eta hainbat ekintza antolatzen dira eta auzoan. Zipotz Jaiak direnean, auzoan giro berezia dagoela nabaritzen da: jendea mugitzen da, koadrilak biltzen dira… Sumatzen da bor-bor dagoela Gros makina bat ekintza eta giro ederrarekin!
-Eta zuek zer ekarpen egiten diozue Zipotz Jaiei?
Gu musika arloan laguntzen saiatzen gara, batik bat reggae eta hip hop estiloetan murgilduta gaudelako. Ilusio handiarekin egiten dugun lana da, auzoan festa eta giro polita lortzeko helburuarekin.
-Festetan eta handik at ere jarduerak antolatzeaz gain auzoan, hamaika kontzertu ere antolatzen dituzue Euskal Herri osoan.
Bai, azkeneko urteotan jaialdi gehiago antolatzen ibili gara, baita herriko jaietan kontzertuak ematen ere. Egia esan, saltsa asko gustatzen zaigu, kar, kar, kar!
-Atzerriko abeslari potenteak ekartzen dituzue oso gau jendetsuak eta arrakastatsuak antolatuz. Kultura sustatzen duzue beti, zergatik?
Gure helburu nagusietako bat kultura eta musika zabaltzea da, horrela hasi ginen musika munduan eta horrela jarraitzen dugu. ‘Reggae is a mission’ esaldiak argi azaltzen du zergatia. Reggaezale amorratuak gara!
-Eta kultura hori sustatzeko orain bi urte mozkinik gabeko elkarte kulturala eratu zenuten.
Bai, hori da; gure lana era landuago batean sustatzeko eta kudeatzeko elkarte berria eratu dugu, eta, horrek beste erakunde eta elkarteekin errazago lan egiteko aukera ematen digu. Gure ibilbidean pausu naturala izan da!
-Horren arira, zuen grabazio estudioa eta zigilua ere sortu duzue. Pausu garrantzitsua zuen hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidean
Hori duk! Zigilua sortzea guretzako oso pausu polita eta garrantzitzua izan da, urte askotan gure estudiotxoan landu eta grabatu dugun materiala kaleratzeko bidea eman digu, eta, oso pozik gaude.
-Bertatik irtendako lehen proiektua, ‘Basque Times Riddim’, makina bat kolaboraziorekin egina, atzerriko eta Euskal Herrikoak. Lan handia gero!
Eskerrik asko! Bi urte igaro ditugu proeiktu hau gauzatzen, eta, aurten 10”-tako bi binilo eta CD bat kaleratu ditugu. CD formatuan biniloan agertzen diren abestiak gehi bonus track batzuk aurki daitezke, dub eta melodika bertsioak, adibidez. Bestalde, urtea amaitu baino lehen beste lan berri bat ere kaleratzeko asmoa dugu, biniloan ere bai, ‘One Riddim’ estiloan ere, jakina!
-Grabazio estudio eta zigiluarekin euskal herriko reggae eta hip hopa sustatzeko asmoa duzue beste talde eta sound system batzuei grabatuz?
Urte hauetan pixkanaka-pixkanaka hori egiten saiatu gara, 2011. urtean ‘Indaglory Studios Vol.1’ kaleratu genuen Euskal Herriko hainbat gazteekin grabatu ondoren, eta orain estudioa eta zigiluaren birtartez lan hau bultzatzen jarraitu nahi dugu.
-Amaiatzeko, Zipotz Jaiak, bi hitzetan:
Euskal Jaiak!
-Eta, beste pare bat hitz:
Parte hartu!
-Amaitzeko, azken hitzak:
Gazte Indarra!
AITOR AZURKI
Urrats aisialdi taldea
Euskal ginkana erraldoi bat, elkarlana sustatzeko jolasak eta askoz gehiago
Haurrentzako egitarauari bultzada handia eman nahi izan dio Groseko jai batzordeak. Urrats aisialdi taldearekin elkarlanean haurren gozamenerako hainbat jarduera prestatu dituzte.
Zipotz jaien lan taldearekin bat egin du auzoko Urrats aisialdi taldeak. Jai batzordeak haurrentzako egitaraua antolatzeko proposamen bat egin dio, eta Urratseko begiraleak gogotsu agertu dira Groseko haurrentzako jarduerak prestatzeko.
Andoni Iriondo (Gros, 1996) Urrats aisialdi taldeko begiraleetako bat da. Pozik dago jai batzordearekin hasitako lankidetza dela eta: “Asmoa da hurrengo urteetan ere bion elkarlana indartzea, eta haurren programari bultzada ematea”. Jaietan parte hartzeak ilusio handia egiten diela aitortu du: “Urrats taldea kanpora ateratzeko modu bat da, Mariaren Bihotza-tik harago iristeko. Guretzako aukera bat da jendeak ikus dezan aisialdi talde bat dagoela, eta etor daitezkeela”. Begirale gisa esperientzia aberasgarria izango delakoan dago: “Polita izango da, haur berriekin lan egingo dugulako. Auzoan haur gehiago ezagutzeko aukera izango dugu, eta modu honetan errazagoa izango da beraientzako jarduerak prestatzea. Jaiak beraientzako nola egokitu ditzakegun jakiteko baliagarria izango da”.
Urrats eskarmentu handiko aisialdi taldea da. Iaz 25 urtemuga ospatu zuen. Mariaren Bihotza parrokiaren ekimenez sortutako taldea da. Helburu argi batekin sortu zuten, haurrek ikastolatik kanpo pasatzen zituzten ordu horietan haurrentzako jarduerak antolatu nahi zituzten. Eta jarduera horien guztien oinarrian euskara egon da beti, euskara sustatzeko talde gisa jaio baitzen. Aisialddi taldeetako haur eta gazte gehienak Mariaren Bihotza ikastolako ikasleak diren arren, talde irekia dela azaldu du Iriondok: “Parte hartzeko baldintza bakarra euskaraz egitea da”.
Ez da auzoko jaietan parte hartzen duten lehen aldia. San Tomas egunean ere, Txofre plazan haurrentzako zenbait tailer egin zituzten, eta iazko Zipotz jaietan ere parte hartu zuten. Aurten denbora gutxi izan dute egitaraua osatzeko, baina presaka ibili diren arren lan txukuna egin dute. Aukaz aisialdi taldearekin batera koordinazio lan bat egin dute, eta guztien ideiak elkartuz egin dute haurrentzako programa.
Jolasak, antzerki emanaldiak, txokolate jatea eta euskal ginkana bat prestatu dituzte, besteak beste. Jarduera ikusgarriena euskal ginkana izango delakoan dago Iriondo. Euskal ginkana zer izango da? “Umeek Groseko plazak ezagutzea eta auzoa bera ezagutzea nahi dugu. Plazetan egingo da ginkana, lau taldetan banatuta. Begiraleok mozorrotu egingo gara, euskal mitologiako pertsonaia ezagunen larruan sartuko gara: basajaun, galtzagorri… Euskal mitologiako pertsonaiak, herri kirolak eta hainbat jarduera nahastuko dira ginkana honetan.
Ginkana egin baino lehen, ordea, begiraleek lan handia egin beharko dutela aitortu du Iriondok: “Aurtengo berritasun handiena izango da euskal ginkana, baina jakin badakigu ginkana ondo ateratzeko, aurretik egingo ditugun jolasak ere ondo atera behar direla, emaitza onak lortzeko ezinbestekoa baita haurrak motibatzea eta gure jarduetara erakartzea”.
Haurrekin lan egitea lan ederra dela azaldu du Iriondok: “Guk nahi duguna da balio batzuk eman. Elkarlana sustatu, euskara eta euskal kultura bultzatu… Hori guztia erakusteko modurik onena jolasak direla uste dugu. Izan ere, aisialdi talde bat ondo pasatzeko talde bat da, baina haurrek pentsatzea nahi dugu, gogoeta bat piztu nahi dugu”.
GROSEKO KUADRILAK KOFRADIA SORTZERA GOAZ!
Aurten, Groseko kuadrilak Zipotz Jaietarako egitarau herrikoia ekartzeaz gain, Kofradia Pirata osatzera goaz Aste Nagusia Grosera zabaltzeko.
Badatoz Groseko Zipotz jaiak eta aurten ere kuadrilak prest gaude gure bluxak jantzi eta lau egunez kaleak kolorez eta alaitasunez betetzeko. Urtez-urte geroz eta kuadrila gehiago gara Groseko jaietan parte hartzen dugunak eta aurtengoan pausu bat gehiago eman nahi izan dugu jai herrikoien alde.
Jai eredu parte hartzailea, euskalduna, parekidea, ingurunea errespetatzen duena nahi dugu. Guk guretzat sortutako jaiak gozatu nahi ditugu eta jai eredu berdinaren alde lan egiten duen Aste Nagusi Piratan gure ondar aletxoa jarriko dugu. Horretarako sortu da Groseko Kofradia Pirata, Aste Nagusia Grosera zabaldu eta auzotar guztiek, gainontzeko Donostiarrekin batera, gure hiriko festak ospa ditzagun. Beste Donostia bat eraikitzea posible dela erakutsi nahi dugu auzolana oinarri. Beraz, Aste Nagusian zehar ere hor izango gara jaiaren bitartez gure aldarria Donostiako txokorik txikienera ere zabaltzeko. Gurekin batera jaiak gozatu nahi badituzue animatu Groseko Kofradia Piratako kide izatera! Idatzi grosekokofradia@gmail.com helbidera. Edozer dugu eta posible Donostia Piratan!
Baina Aste Nagusia iritsi baina lehenago badugu Groseko auzotarrok beste ezinbesteko zita bat, Zipotz Jaiak! Uztailaren hirugarren astean gure auzoa kolorez eta algaraz beteko dugu eta hau ere gurekin batera ospatzera gonbidatu nahi zaitugu. Beteranoen bizipoza, gazteen lotsagabekeria eta haurren ilusio eta irria, denak behar ditugu, beraz kuadrila, hartu zuen bluxa, kamixeta edo gonak eta etorri gurekin batera ostegunetik igandera kaleak jaiez janztera!
Kuadrilen egitaraua:
-Osteguna 17
19:00tan Zipotz jaiei hasiera (Txofre enparantzan). Denak mozorrotuta!
19:30tan kuadrilen kalejira auzotik zehar (Txofre enparantzatik hasita)
-Ostirala 18
11:30tan Alde Zaharreko jaiekin senidetzea (Nafarroa Beheratik abiatuta)
13:00tan Bazkari prestaketa
(Katalunia enparantzan)
14:00tan Kuadrilen bazkaria
(Katalunia enparantzan)
21:00 Kuadrilen arteko olinpiadak (Katalunia enparantzan)
-Larunbata 20
12:00tan Txaranga auzotik zehar (Nafarroa Behera enparantzatik hasita)
-Igandea 21
Euskal Jai eguna
Denak baserritarrez jantzita
11:00 Kuadrilen eta elkarteen arteko marmitako lehiaketa (Katalunia enparantzan)
17:30 Triki bertso poteoa auzotik zehar (Txofre enparantzatik hasita)
20:00 Kuadrilen arteko sari banaketa (Katalunia enparantzan)
00:00 Jaiei agurra (Katalunia enparantzan)