Gros Xake Taldea

Eli Argandoña

“Bitxia bada ere, Europako xakean Gros izena oso ezaguna da”

Aurtengo Zipotz Jaietako pregoian, Gros Xake Taldea izango da omendua. Hori dela eta, talde honetako kide den Eli Argandoña elkarrizketatu dugu, talde hau gehiago ezagutzeko helburuarekin eta jasoko duten eskertzerekin nola sentitzen diren jakiteko asmoarekin.

-Nola sortu zen taldea, eta zein da zuen antolatzeko modua?
Kluba 1991. urtean sortu zen Donostiako beste klub batzuetako partaide ginen auzoko xake zale batzuren artean. Gaur egun, 250 bazkide eta 800 ikasle gara eta Anoetan dagoen Xake Teknifikazio Zentroa kudeatzen dugu. Beste edozein kirol klub bezala, beharren arabera biltzen den zuzendaritza talde bat dugu. Horretaz gain, bolondresek eta langileek osatzen dute taldea.

-Goresko auzo elkartean zaharrean hasi zineten (Aita La Roca) kalean, eta ondoren Manteon egon zineten. Kontatu pixka bat zuen ibilbidea.
Kluba sortzeko erabakia hartu genuenean denbora generaman auzoko asoziazionismoan mugitzen, eta hortaz, auzo-elkarteko arduradunei lokal bat alokatzeko aukera bazegoen galdetu genien. Oso azkar hazi ginen eta auzoko beste elkarteekin batera instalazio berriak eskatu genizkion udaletxeari. Eskaerari erantzunda, auzo-elkartea Nafarroa Behera Plazan kokatu zen eta guk Manteoko kiroldegian amaitu genuen 1999an. Manteoko lokala ez zegoen intsonorizatua eta saskibaloi kantxako zaratak oso ozenak ziren. Honetaz gain, Bera Berak toki gehiago nahi zuenez bi taldeok udaletxearekin negoziaketetan hasi ginen. Anoetan Teknifikazio Zentro bat egiteko lokal bikain bat topatu zen eta hara joan ginen 2009an. Bihozminez joan ginen Anoetara, izan ere auzokoak ginen sortzaile guztiak eta gainera masa soziala galdu genezakela uste genuen. Hasieran horrela gertatu zen, baina instalazio berriari eta egindako lanari esker, hasierako galerei aurre egin genien eta denborarekin asko hazi gara. Etorkizunean hazten jarraitzen badugu, Grosen lokal bat alokatzeko aukera buruan daukagu, eskolak eskaini eta txapelketa txikiak antolatzeko.

-Zer egiten duzue?
Besteak beste, haur eta helduentzat xake eskolak ematen ditugu, zaleentzako txapelketak antolatzen ditugu eta 28 urtez Groseko Nazioarteko irekia aurrera eraman dugu. Urtero ospatzen den txapelketa honetan, herrialde anitzeko jokalari ospetsuak biltzen dira. Liga probintzial, autonomiko eta estataletan 16 talde dauzkagu. Gure lehen taldea estatu mailako lehenengo dibisioan dago eta 6 aldiz parte hartu du Europako Klub-arteko Kopan.

-Zer da zuentzat Xakea?
Niretzako umezarotik hasi eta bizi osoan zehar gomendagarria den ohitura bat da. Kirol-zientzia honek, kirol jardunen abantailez gain; memoria, kalkulu matematikoa eta pentsamendu abstraktua bezalako gaitasun intelektualak lantzen laguntzen du. Horrez gain, bizitzako egoera ezberdinetan erabakiak hartzeko garaian ere laguntzen du.

-Azaldu duzuen moduan, sorreran auzoko talde bat zineten, eta ondoren dimentsio handiagoa hartzen joan zarete, lorpen ezberdinak izan dituzuelarik. Kontatu piska bat zein izan den zuen ibilbidea zentzu honetan eta zein hazkunde izan duzuen.
Gure taldea estatu mailako Ohorezko Dibisiora igo zen 2004ean. Taldean Euskal Herriko jokalari onenak genituen eta, egun gure taldean jarraitzen du Herbehereetako jokalari onenak; Loëk Van Wely.

Urte onenetan estatu mailako podiumera igo ginen eta Europako Kopara sailkapenak lortu genituen. Estatuko txapelketa irabaztea lortu genuen 2011. urtean. Urte horietan babesle onak genituen eta gure ekipoan jokatu zuten besteak beste: munduko txapeldun izandako Ruslan Ponomariov (Ukrania) eta Rustam Kasimzhanov (Uzbekistan), zein munduko txapeldunorde izandako Alexei Shirov (Letonia) eta Boris Gelfand (Rusia, orain Israeldarra).

Krisialdia eta gero, babesleen diru-laguntzak asko egin dute behera, hala ere, talde txukun bat mantentzen dugu. Gure aurtengo lehen taldeko kideak dira Loek Van Wely, Arkadij Naiditsch (Azerbaijan), Yuliya Schvaiger (Ukrania) eta momentuan Euskal Herriko jokalari hoberenak diren Santi González, Alex Franco, Iñigo Argandoña, Iñigo Martín, Miriam Muñoz, Cecilia Pérez, Jose Luis Muñoz eta Patrice Etchegaray. Jokalari euskaldun guztiak harrobikoak dira Alex eta Patrice kenduta.

Taldea Europako seigarrena izan da, munduko talde indartsuenen aurka lehiatuz. Honetaz gain, hamaika euskal liga irabazi ditu, Gipuzkoako kirol-talde hoberena izendatu gintuzten 2006an, 2009an San Sebastian bezperan hiritar-merituaren domina eman ziguten,.

-Zuen taldean parte hartzeko zer egin behar da?
Gure instalazioetara etor zaitezkete (Anoeta pasealekua 20) edo web orrian guri buruzko informazioa jaso dezakezue (www.grosxake.com).

-Zer da jaietan antolatzen duzuena? Noiz hasi zineten jaietan parte hartzen eta zergatik?
Zipotz Jaiak jaio aurretik, urte pare batez Marruma elkarteko bazkide batzuk antolatzen genituen jai batzuen barne, gaztetxoentzako xake txapelketa batzuk antolatu genituen Katalunia Plazan. Zipotz Jaiak sortu zirenetik jaietara batu ginen eta geroztik, urtero egiten ditugu gaztetxoentzako xake txapelketak. Urte batzuk direla Txofre Plazan ospatzen ditugula txapelketak, baina aurretik Katalunia Plazan, Kale Berrian, Secundino Esnaolan eta Aita Larrokan ospatu izan ditugu baita ere.

-Nola bizi dituzue Groseko Jaiak?
Zipotz jaien aurretik auzotar naizen horretan, euren sorkuntzatik babestu izan ditut beharrezkotzat jotzen bainituen eta baititut. Ahal bezain beste bizi ditut, bizitzako egoera ezberdinek baldintzatu nauten neurrian; lehen lan-ardurengatik eta orain adina dela eta.

-Zer esan nahi du zuentzat aurtengo omenduak izateak?
Ohore bat da Gros Xake Taldearentzat gure auzoaren esker ona jasotzea. Bitxia bada ere, Europako xakean Gros izena oso ezaguna da, besteak beste, gure taldean mundu mailako bi txapeldunek jokatu dutelako.

Groseko asanblada feminista

“Auzoan behar jakin batzuk identifikatu eta horri begira jarri gara lanean.”

Urtebeteko ibilbidea egin du Groseko Asanblada Feministak (GAF). Auzoan feminismoa lantzeko espazio baten beharrak bultzatuta, emakume talde bat biltzen eta saretzen hasi zen iazko maiatzean. Urte emankorra izan dute: jaietako erasoen aurkako protokoloa, Martxoaren 8a, tailerrak, ekimenak… Erronka berriei heltzeko “indartsu” daude, eta ateak zabalik dituzte.

-Urtebeteko ibilbidea egin du GAFek, ze balorazio egiten duzue urte honetaz?
Balorazio ona egiten dugu; azken batean, talde berria gara, bakoitzak bere gauzak ditu, eta lanak izan ditugu taldea egonkortzen, elkar ezagutzen, elkarrekin lan egiten ikasten, konfiantza hartzen, konpromisoak zehazten… Baina lortu dugu taldea osatzea eta talde-izaera garatzea. Bide asko dugu oraindik jorratzeko, baina indartsu gaude. Auzoan behar jakin batzuk identifikatu eta horri begira jarri gara lanean: sare bat sortzea eta feminismoa lantzeko espazio bat sortzea. Egin ditugun gauzen artean, jaietako eraso sexisten aurkako protokoloa, tailerrak (antisorgailuen ingurukoa, autodefentsa…), kanpainak, eta oro har egiten ari garen saretze-lana nabarmenduko genituzke. Oraindik asko dugu egiteko!

-Nola sortu zen taldea, eta zein da zuen antolatzeko modua? (zenbat lagun, zenbatero bildu, non)
Auzoko zenbait emakumek buruan genuen talde feminista bat sortzea, kezka eta irrika genuelako feminismoa lantzeko, eta uste genuelako horretarako gune bat behar genuela. Lehendik auzoko beste gune batzuetatik ezagutzen ginen batzuk elkartuz joan ginen, deialdia zabaldu, eta gero eta jende gehiago elkartuz joan gara. 15-20 bat izango gara guztira, nahiz eta oro har gutxiago elkartzen garen bileretan. Dena den, bat-batean bilera batean 15 elkartzen garenean, pozgarria da oso. Asko gara! Normalean, bi astetik behin elkartzen gara, Marruma elkartean

-Erasoen aurkako protokoloa garatu eta ezarri duzue jaietan. Nola izan da protokolo hori osatzeko prozesua?
Beharrezkoa ikusi genuen jaietako problematikari heltzea; izan ere, jasangaitza da egoera, eta beharrezkoa iruditu zitzaigun honen inguruko lanketari lehenbailehen heltzea, jaietan ere lasai, eroso eta aske ibili nahi dugulako. Erasoak saihesteko eta haiei erantzuteko tresna bat behar genuen. Izan ere, protokoloak, gertatzen diren eraso jakinei erantzuteko tresna bat izateaz gain, haiei aurrea hartzeko ere balio du. Beste toki batzuetako protokoloak hartu genituen oinarritzat, eta gure auzora egokitutako bat moldatu genuen. Auzoko eragileekin landu genuen, aurkeztu, autodefentsa tailerra egin, kartelak, kuña, eskuorriak… Hau da, eraso sexisten gaiari erantzuteko lanketa oso bat prestatu genuen. Oso erantzun ona jaso genuen, eta, protokoloa pixka bat findu ondoren, San Tomas egunean ere egin genuen lanketa.

-Aurtengo beste mugarri bat martxoaren zortziko emakumeen greba izan da. Egun hori antolatzeko Donostiako Asanblada Feministarekin eta hiriko gainerako auzoetako taldeekin antolatu zarete. Zein harreman duzue haiekin?
Ezinbestekoak iruditzen zaizkigu horrelako aliantzak. Gainera, orain indarberritzen ari dira, eta lan handia egiten ari dira emakume asko eta askotarikoak elkartzeko. Ezin izaten dugu beti joan, baina, modu batera edo bestera, jarraitzen dugu haiekin harremanetan. Harreman handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, baita Donostiako beste talde feministekin ere.

-Betaurreko moreak jarrita, nola ikusten duzue auzoa?
Zaila da galdera horri erantzutea. Talde sortu berria gara eta asko daukagu oraindik eztabaidatzeko, kritikatzeko eta definitzeko. Hala ere, ez dugu, oraingoz, gure egitekotzat hartu auzoa oro har ikuspegi feministatik aztertzea, esparru askotatik lantzea eskatzen baitu horrek, baina guk guneak ireki nahi ditugu (gure taldea, besteak beste), auzoko eta gizarteko arlo asko eta sistema bera aztertzeko eta zalantzan jartzeko.

-Feminismoak garrantzia handia hartu duen honetan, zer eskaintzen dio GAFek auzoari?
Guk auzoan lantzen dugu feminismoa, auzoarentzat. Feminismoa denen ahotan dago, baina askok beren intereserako erabili nahi dute; guk, ordea, kritika errotik egin behar dela uste dugu. Sistema honetan deseroso gaudenontzako gune bat izan daiteke, gure irrikak biltzeko, lantzeko, elkarrekin ekiteko, feminismoa kalera ateratzeko, beste ikuspuntu bat emateko, beste modu batera erlaziona gaitezkeela erakusteko, geure buruak ahalduntzeko, eztabaidatzeko, prestatzeko, protestatzeko, elkar-zaintzeko, elkar-elikatzeko…

-Ziur badela lerro hauek irakurtzen ari den eta taldean parte hartzea gustatuko litzaiokeen emakumerik. Zer esango zeniokete?
Anima daitezela! Proba dezatela, egiten ditugun gauzetara hurbil daitezela, edo jar daitezela gurekin harremanetan email (grosekoasanbladafeminista@gmail.com) ala facebook (Groseko asanblada feminista) bidez. Seguru asko dutela emateko, eta ongietorriak izango direla. Nazkatuta baldin badaude sistema kapitalista patriarkalak eskaintzen dienarekin, hau toki on bat dela. Guk beste gauza batean sinisten dugula, lan egiteko beste modu batean.

-Zein erronka dituzue etorkizunari begira?
Orain, plangintza osatzen ari gara, eta kanpora begirako eta barrura begirako planteamenduak ditugu. Barrura begirakoei dagokienez, talde dinamika indartzea, formakuntza lantzea, elkarren arteko harremanak lantzea, adibidez egun-pasak eta aisia jarduerak antolatuz, eta elkar-zaintza, besteak beste. Kanpora begirakoetan, auzoa gune segurua bilakatzea (eraso sexisten aurkako lanketa, gune ilunak…), auzoko beste eragileekin saretzea, jende gehiagorengana iristea, erreferentzia lortzea, diskurtso propio bat garatzea eta abar. Hori guztia, betiko formulez harago, hainbat praktikaren bidez egitea, direla hitzaldiak, zine-forumak, kaleko ekintzak, jardunaldiak, aisia…Lan handia daukagu aurretik!

Gurasoen taldea

Ibon Etxeberria

“Gure helburu nagusiena Groseko familien komunitatea eraikitzea da.”

Groseko guraso batzuek, duela urtebete inguru sortu zuten gurasoen taldea. Denbora gutxian forma hartu du, eta geroz eta pertsona gehiagok osatzen duen elkartea izatera igaro da. Horregatik, pentsatu dugu interesgarria izan daitekeela elkarteko kideei elkarrizketa bat egitea, talde honi buruzko informazioa egunkari honen bidez helarazteko. Honela, taldeko Ibon Etxeberriarekin elkartu ginen eta jarrian argitaratu dugun elkarrizketa izan genuen. Proiektu hau ezagutzea auzotar guztientzat da interesgarria, baino auzoko guraso bazara erne irakurri datozen lerroak, ziur parte hartzera animatuko zarela eta!

-Duela urtebete inguru sortu zen gurasoen taldea, zein balorazio egiten duzue hasi zinetenetik orain arte egin duzuen ibilbideaz?
Balorazio oso positiboa egiten dugu. 2107ko Zipotz jaietan haurrentzako makarronada egin genuenean, talde iraunkor bat sortzeko gaitasuna ote genuen ikustea izan zen lehenengo erronka eta nota oso onarekin azterketa hau gainditutzat eman dezakegu.

-Duela urtebete inguru sortu zen gurasoen taldea, zein balorazio egiten duzue hasi zinetenetik orain arte egin duzuen ibilbideaz?
Auzoko guraso batzuen artean, guraso zein haurrek auzoan ditugun arazo eta problematika ezberdinak konpartitzen hasi ginen. Kezka eta arazo ezberdin asko atera ziren, baina borobilduz ideia nagusienak, besteak beste, hauek izan ziren: Eguraldi txarrarekin aisialdirako espazio itxi baten falta, auzoko kale eta plazetan euskararen erabileraren falta, kalean jolasteko geroz eta arazo gehiago (nola da posible Katalunia plazako paretan baloiarekin jokatzea debekatuta dagoela dioen kartel bat egotea?) eta eskola ezberdinetako haurren arteko harreman falta.

Arazo guzti hauen aurrean bi aukera genituen; edo bultzatzaileen artean helburu eta dinamika ezberdinak definitu eta zabaldu, edo deialdi zabal bat egin eta bertaratzen ginenen artean gauzak definitzen joan. Bigarren aukeraren alde egin genuen eta ala egin. Batzar zabal bat deitu eta bildutakoen artean funtzionatzen hasi ginen.

Ikasturte honetan astelehenero Hondarpe Auzo Elkartean haurrekin batera elkartzen gara. Hilabetean behin haurrekin batera batzarrak egiten ditugu guztioi parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera emanez eta bertan hilabeteko egitaraua adosten dugu.

Saiakera ezberdinak egin ditugu bilera sakonagoak egiteko, baina guztiok guraso izanda oso zaila egiten zaigu txikirik gabe tarteak bilatzea.

Behar dugun materiala zein gastu ezberdinei aurre egiteko kuota bat jartzen dugu. Dena den, nahi edo ahal duenak bakarrik ordaindu dezakeela aipatzen dugu beti, auzoko familia guztientzako antolatzen baititugu ekimenak eta beraz, gure ateak irekiak daude nahi den momentuan gurekin jolastera etortzeko.

Denetariko tailer eta saioak egin ditugu, baina parte hartzaileak izatea lehenesten dugu. Haurren sormena eta heziketarako, jokoa premiazkoa dela ulertzen dugu eta beraz, hau da gure lehentasuna. Jokoaren bitartez txikiak balore ezberdinak barneratzen baitituzte.

-Auzoko beste zein eragilerekin aritzen zarete elkarlanean?
Orain arte Ubarroiak eta Jai batzordearekin bereziki elkarlanean antolatu ditugu ekimen ezberdinak. Urrats aisialdi taldearekin ere oso harreman zuzena dugu. Jaietarako haur batzordean elkarlana egiteaz gain, beti beraien laguntza eskaintzen digute haurrekin jolasak edo ekimen ezberdinak egin behar ditugunean.

Bestalde, Auzo Elkarteko erabiltzaile moduan aukera izan dugu Auzo Elkarteko koordinadoran parte hartzeko eta honek, aldi berean, aukera eman digu beste eragileen ikuspuntuak ere izateko. Adibidez, espazio publikoaren okupazioari dagokionez “Groseko haurrak plazak eta kaleak jolasteko nahi ditugu” leloarekin, turismo masibo eta basatiak auzoan nola eragiten duen lantzeko aukera izan genuen.

Aurrera begira harremanak zabaltzen jarraitu nahi dugu. Auzoko eskola ezberdinetako guraso elkarteekin lan harreman bat ireki nahiko genuke. Haur eta gazte txokoarekin ere harreman iraunkor bat izatea oso interesgarria litzateke. Honela, lerro hauek eragile ezberdin hauek gurekin harremantzako gonbitea egiteko baliatu nahi ditugu. Gure kontaktua honakoa da: grosekogurasoelkatea@gmail.com

-Zuek lantzen duzuen gaia kontutan hartuta, nola ikusten duzue auzoa?
Auzoan gabezi handiak daude. Lehenik eta behin oso gizarte indibidualistan bizi garenez bakoitzak bere interes propio eta momentukoak asetzea du helburu. Ez dago komunitate ikuspegirik. Hau izan beharko litzateke gure helburu nagusiena Groseko familien komunitatea eraikitzea.

Bestetik auzoko kaleetan jolasteko aukera geroz eta gutxiago daude. Gainera horretarako, soilik helduok erabakitako parke itxi eta bijilatuak daude. Haurren garapenerako joko libreak berebiziko garrantzia du, eta horretarako espazio egokiak behar ditugu. Espazioarekin jarraituz, Donostian egiten duen eguraldia kontutan izanik, ez dago kontsumoan oinarritzen ez den jokorako espazio estalirik.

Gurasoen artean formakuntza falta dugula ere sumatzen dugu. Inork ez digu guraso izaten irakasten, zalantza eta kezka asko ditugu. Honi ere aurre egitea egokia litzateke.

-Zer eskaintzen die zuen taldeak auzoari?
Lehenik eta behin guraso zein haurren artean jolasaren bitartez ondo pasatzea. Bestetik aipatu ditugun arazo guzti hauen aurrean gure buruak antolatu eta egoerak gainditzeko aukera. Honetaz gain, ideia pila bat ditugu, adibidez truke azokak antolatzea, zinema euskaraz, parke estali bat lortzeko lanketa egitea… Ideia guzti hauek antolatzeko eta aurrera eramateko jendea behar da. Horretarako aukera ematen digu Groseko Guraso Elkarteak auzoko guraso guztiei.

-Ziur badela lerro hauek irakurtzen ari den eta taldean parte hartu nahiko lukeen gurasoren bat. Zer esango zeniokete?
Gurekin harremanean jar dadila grosekogurasoelkartea@gmail.com helbidearen bitartez. Astelehenetan 17:30etatik aurrera Hondarpe Auzo Elkartera gerturatu dadila. Antolatzen dugun beste edozein ekimenetara gerturatu daiteke baita ere, parte hartzeko eta nahi duen informazio jaso ahal izateko. Azkenik zer egiten dugun jakiteko facebooken ere badu aukera https://www.facebook.com/grosekogurasoelkartea.gge.1 helbidean.

-Zein erronka duzue etorkizunari begira?
Lehenik eta behin talde bezala egonkortzea eta handitzea. Bestetik gure eragiteko gaitasuna zabaltzea. Helburu zehatzei dagokionez zehazteke dauden harren hauek aipatu genitzake.

1- Kontsumoan ez oinarritutako espazio
itxiak lortzea.
2- Trukea sustatzea.
3- Gurasoen formatuak auzoan egotea.
4- Auzoko beste eragileekin harreman
sendoak lortzea.
5- Jolas librearen defentsa egitea.
6- Jokorako kalearen berreskurapena.

-Amaitzeko, egunkari hau Zipotz Jaiak iragartzeko egiten dugunez; zuek zer pentsatu duzue jaietarako?
Aurtengo helburua 2017an lortu genuena errepikatzea izango litzateke. Bereziki haur danborrada eta ondorengo makarronada antolatzea, arrakasta handia izan baitzuten. Oraindik jaien antolakuntzan ez dugu gurasoen inplikazio zuzena lortu eta datozen urteotan hori izango litzateke gure erronka nagusiena.

Bestetik haurrentzat leku eta eremu askotan ikusle eskaintza handia dago, baina ikusle izatetik partaide izatera pasa beharko genuke. Hau izan beharko litzake aurrera begirako erronka nagusi hori.

Eta azkenik helduok izaten gara haurren egitaraua prestatzen dugunak, beraiei galdetu ere egin gabe. Gure ustetan, haurrek zein egitarau osatu nahi duten erabakitzeko bitartekoak jarri beharko genituzke.

Auzoko ostalari

eta dendariei galdera

Zuentzat zer dira Zipotz Jaiak?

Auzoko ostalari eta dendari ezberdinekin elkartu gara, haiek Zipotz Jaiak nola bizi dituzten jakin nahi bait genuen. Zuentzat zer dira Zipotz Jaiak? galderari erantzun diote denek eta guztien hausnarketak izan dira interesgarriak. Beraz, jarraian, Jaietan zehar era ezberdinetan parte hartzen duten komertzio eta tabernetako langileen ikuspuntuak irakurri ahal izango dituzue

-Haritz Iraola – Txindoki taberna
Nere ustez festak bizia ematen dio auzoari aste horretan. Gauza dezente antolatzen dira eta jende askok hartzen du parte. Gustura egoten naiz, nahiz eta neri lana egitea tokatzen zaidan beti festetan. Dena den, lanetik atera eta beti ematen dut bueltaren bat, badaudelako gauzak egiteko eta ondo pasatzeko. Nik lana egiten dut gehien bat, baina gustura.

-Zas – Vero Semís
Beti lana amaitzeko gogoz egoten naiz. Igandea iristeko zain, taberna itxi eta ondoren karpara joateko gogoz, bertan asko gozatzen dut eta. Jaiak niretzat auzotarrak mobilizatzeko eta hemengo jendearen artean giroa sortzeko modu on bat dira. Urtean zehar ikusten ez dugun jendea topatzeko eta elkarrekin gozatzeko aukera izaten dugu. Beste hitz batzuetan esanda, auzotarren arteko bilkura bat dira jaiak.

-Joseba Balda – Ezkurra taberna
Urtetik urtera giro gehiago dago, jende gehiago mugitzen da eta jaiek arrakasta gehiago dute. Ostalari bezala lanean egoten naiz eta lan gehiagorekin gainera. Dena den, jaiak auzo guztira zabaldu beharko lirateke nire ustez, puntatik puntara.

-Kixkurra
“Lana, lana ta lana egiten dut jaietan ordubata arte. Ondoren Txoznara joaten naiz pote bat hartzera.” Pello Ostolaza

“Ostalariak garenez lanean pasatzen dugu jaien zati handiena, baino jaiak asko gustatzen zaizkigu. Nahiz eta lanez gainezka egon, jendea ondo pasatzen ari bada, ni pozik egoten naiz.” Nerea Blanco.

-Beltza – Tedone jatetxea
Nire ustez auzoko jaiak oso politak izaten dira eta izan dira beti. Duela urte batzuk asko ibiltzen nintzen bertan, orain gutxiago. Hala ere, musikariei afariak ematen laguntzen dut jaietan eta iaz jatetxera etorri ziren afaltzera talde batzuk. Jai herrikoi aberatsak dira.

Go to Top