Maider Arriolak eta Oihana San Josek

“Jendea animatuta eta gogotsu dago jaiak ospatzeko”

Makina bat urte daramate Groseko Jai Batzordean. Maider Arriolak (Gros, 1991) eta Oihana San Josek (Gros, 1974) antolakuntzaren lehen lerroa utziko dute aurten, baina lanean jarraituko dute.

-Pandemiari agur esan diogu eta martxan gara berriz. Jai Batzordeari nola eragin dio honek guztiak?
Maider Arriola: Pandemia hasi eta segituan hasi ginen astero biltzen. Hortaz, 2020eko eta 2021eko jaiak beste era batera planteatu genituen, ahalik eta gehien egiteko moduan beti, eta martxan jarraitu dugu. Arrankatze hori piska bat kostatu zaigu, baina orain jendea erantzuten ari da. Hortaz, aurten planteamendua izan da: goazen betiko jaiak antolatzera.

Oihana San Jose: Pandemian gauza batzuk antolatu genituen eta orain egia da orokorrean denoi ari zaigula kostatzen pixka bat gauzak egiten hastea. Kostatu da, baina, hala ere, jendea animatuta dago eta gogotsu.

-Nolakoak izango dira aurtengo festak?
MA: Betiko jaiak izango dira, ekintza asko antolatu ditugu, pandemiarik egon izan ez balitz bezala. Gainera, pandemian jaiak gelditu ez izanak ere ematen dio indarra.

OSJ: Zipotz Jaiak izango dira, lehen bezalaxe.

-Zipotz Jaiek zer ekarpen egin diote auzoari?
MA: Azkenean festak udan dira, baina Jai Batzordea urte osoan dago: San Joanetan sardin-jana, San Tomasak, Korrika… Hor badauka bere presentzia. Hortaz, nik uste dut garrantzitsua dela Jai Batzordearen lana; bada erreferentea auzoan.

OSJ: Grosen auzotan ugari gara, oso diferenteak, noski, eta elkargune bat da auzotarrak ezagutzeko, harremanak estutzeko, ondo pasatzeko eta gauzak beste modu batean egiteko. Azkenean, guk guretzako sortzen ditugu jaiak.

-Azken urtea duzue antolakuntzaren lehen lerroan.
OSJ: Bai, aurtengoa dugu azken urtea lehen lerroan edo. Garaia iritsi da, hamar edo hamabost urteren ondoren. Urtarrilean hasi ohi gara antolakuntzan eta lehen hiruzpalau hilabeteotan ezin izan dut lanik egin, Korrika antolakuntzen aritu naizelako. Dena den, nahiz eta lehenengo lerroan ez egon, jarraituko dut lantalderen batean zerbait egiten. Utzi, ez dut utziko.

MA: Nire ardura 2012tik izan da bilerak dinamizatzea, Udalarekin harremana, baimenak betetzea, jaien koordinazioa… Aurtengo ikasturtea lan eta ikasketa aldetik nahikoa potentea zetorren eta ikusten nuen ez nintzela gai izango ardura hori guztia hartzeko. Era berean, nabaritzen nuen dinamika batzuetan erortzen ari nintzela. Beti egongo naiz hor, laguntzeko prest, baina ez ardura horiekin.

-Lekukoa kide berriei pasako diezue. Nola ikusten dituzue?
MA: Egia da ez dela erraza jendea bilatzea horrelako iraunkortasun batean sartzeko, baina kide berriak badira, animatuta, gogotsu eta martxa horri oso ondo heldu diotenak.

OSJ: Lantalde Batzarra badago eta jendeak jarraitzen du. Aurten ezingo nuenez gauza handirik egin, pertsona bati proposatu genion inplikatzeko eta topera ari da. Beraz, hori badugu. Eta lantalde pila bat daude, gauza asko egiten dituzte, dena kudeatu. Erreleboa badago.

-Beraz, aurtengo Zipotz Jaiei nola helduko diezue?
MA: Ni gogoz nago jaietarako, beti izan naiz gogoz eta, gainera, ez dakit nola kudeatuko dudan, baina bertan egon behar naiz. Alegia, arratsaldeko lauak baldin badira, ezin naiz etxean egon, jakinik poteoa edo bingoa dagoela.

OSJ: Nik berdin-berdin biziko ditut.

-Nola ikusten duzue auzoa? Pandemiak eragin al du?
MA: Auzoa asko aldatu da. Nik jada sei urte daramatzat hemendik kanpo eta inguruan jende asko ere ez da hemen bizi, edo jada ez dago auzoan hain txertatuta. Ikusten dut, alde batetik, badirela ekintzak, baina auzoaren egunerokoan presente ez nagoenez, kostatzen zait galderari erantzutea. Izan ere, hemen etxe bat alokatu edo erostea ezinezkoa da. Beraz, horrek ere hozten du giroa. Egia da ere jaietan jendea gerturatzen dela.

OSJ: Auzoan eragina izan du, sozializazioan batez ere. Elkar laguntzeko aukera egon da, hori egia da, baina jendearekin egoteko, ondo pasatzeko eta jaiei lotutako guztia egiteko arazoak izan ditugu. Ea berriz berreskuratzen dugun. Auzo gisa, gero eta gehiago dago turismoari begira, gero eta zailagoa da gazteak Grosen bizi ahal izatea eta gero eta adindu gehiago gaude bertan bizitzen.

-Etorkizuneko auzotarrei zer esango zenieke?
MA: Apustua egiteko jai herrikoien alde, ez uzteko. Haur pila bat animatzen dira erraldoi eta buruhandietan, ekintzetan… Jarrai dezatela parte hartzen eta ikus dezatela hori antolatzen ari den jendea auzokoa dela; gurasoek hori azal diezaietela seme-alabei. Noski, antolatzera ere anima daitezela, azkenean, beste modu batera bizi dituzulako jaiak; askoz aberasgarriagoa da.

OSJ: Jarraitzea auzo izaera hori mantentzen. Izan ere, gure artean harremana sortzen badugu, auzoan bizitzeko aukera baldin badugu eta eskubidea aldarrikatu, igual jarraituko dugu auzo izaten.

-Espuela: Zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?
MA: Zer ekarpen egin didan Jai Batzordean egoteak, adibidez? Eta erantzuna: handia. Nahikoa gazte hasi nintzen gauzak antolatzen eta nire esentzia hori da. Ezin naiz egon geldirik, lagundu gabe. Pozik nago ni halakoa naizelako, eta pixka bat hori erakutsi dit Jai Batzordeak.

OSJ: Ez daukat ezer gehiago galdetzeko! Kar, kar, kar.

-Espuelaren espuela: Gure inguruko zeini zer galdera egingo zenioke?
MA: Jende gazteari. Auzoa aldatu da, nik 15 urte nituenean gazte-mugimendu handia zegoelako, eta horrek animatzen zintuen antolatzera. Gaur egun gazteei esango nieke animatzeko horretara, antolatzeko. Aukera handia dute edozer antolatzeko. Ez konformatu!

OSJ: Nola ikusten duzun auzoa gaur egun, eta aldatu behar bada, nola? Eta nori? Auzotarrei.
tea.

Gros, bi hitzetan
-Lekua: MA: Txofre plaza.
OJS: Katalunia plaza.
-Pertsona: MA: Zipotz.
OJS: Oso zaila da!
-Lokala: MA: Auzo Elkartea jaietan.
OJS: Auzo Elkartea.
-Giroa: MA: San Tomas egunean txofre plazan egiten den erromeria.
OJS: Jaiak beraiek.
-Ametsa: MA: Groseko jendeak bertan bizitzeko aukera izatea.
OJS: Auzoan bizi ahal iza

Asier Sánchez Oribek

“Auzoaren birikak dira Zipotz Jaiak”

Bihamarkada baino gehiago daramatza Asier Sánchez Oribek (Orereta, 1980) auzoan eta auzoaren alde lanean. Jaietan, San Juan bezperan… Beti dugu hor, laguntzeko prest. ‘Espigón Berri’ supermerkatuko burua dugu.

-Urte asko daramatzazu Zipotz Jaien alde lanean. Zertan aritzen zara?
Elkartasun espiritua Oreretatik datorkit, herri mailan hori dugu-eta. Ez Zipotz Jaiekin soilik, San Tomas egunean eta beste hainbat ekimenetan ere auzo mailan elkartasuna erakustea gustatzen zait ahal dudan neurrian. Elikagai ugari nire kontu izaten dira, eta hozgailu handiak behar badituzte antolakuntzakoek, adibidez, San Juan bezperako sardina-janarako, supermerkatuan sartzen dugu arraina, kilo asko direlako. Nire kontaktuei esker prezio hobean lortzen ditugu batzuetan, eta beste batzuetan, nire kontu izaten dira hainbat gauza.

-Zein izan da zure ibilbidea Grosen?
2000. urteko apirilean hasi nintzen langile gisa supermerkatuan. Oreretatik nentorren, euskal mundutik, eta supermerkatuaren ardura hartu nuenean, inguruko jendarekin harremanetan hasi eta auzoan murgildu nintzen; pixkanaka-pixkanaka sarea sortu nuen. Hala joan naiz murgiltzen eta parte hartzen gaur arte.

-Zuretzat zer dira Zipotz Jaiak eta zein da festen ekarpena?
Auzoaren birikak dira, arnasketa sakona ematen diote auzoari. Izan ere, ni donostiarra ez izanda ere, hunkitu egiten nau jaietako danborradak hemendik pasatzerakoan, adibidez. Grosekoa sentitzen naiz, oreretarra baino gehiago kasu askotan.

-Pandemian laguntzen ere aritu zara auzoan.
Bai, inguru honetan bai hasi ginela pixka bat gure laguntza eskaintzen: banaketak egiten genituen etxebizitzetara, eta mugitzen ginen ahal genuen neurrian; gure ekarpena txikia izanda, gutxienez auzoan gelditu zedin.

-Eta nola ikusten duzu Gros, COVIDaren zurrunbiloa pasa ondoren?
Egiazki, pixkanaka itzaltzen ari da, zoritxarrez. Pandemiagatik dena nahastu zen okerrera, jendea nahastuta zegoen arima eta jarrera aldetik. Eta orain konturatzen ari naiz pixkanaka komertzio txikiak ixten ari direla. Nik neuk ere nire kasuan hausnarketa egina dut, atzera-kontua baita. Denbora kontua besterik ez da, gaur egungo edozein komertzio txikik dituen gastuak askotan jasanezinak direlako: alokairua, argiaren igoera, kontsumoaren jeitsiera… Mozkinak gero eta txikiagoak dira eta behartzen zaituzte, nire kasuan, adibidez, bakarrik lan egitera egunean 15 orduz.

-Supermerkatu txikia da zurea, auzo-izaera duena, ez da frankizia. Bezeroak izenez ere ezagutzen dituzu.
Bai. Auzo-giroa, laguntasun-harremana gustatzen zait. Giroa oso beroa dago Grosen. Hogei urterekin etorri nintzen hona eta jende guztiak besozabalik hartu nau. Horrek pertsonalki asko hunkitzen nau, auzoak asko betetzen nau, elkartasuna erakutsi didalako hasieratik. Auzotarrak nirekin hain ondo portatu dira, non zorretan izango naizen beti. Oreretakoak burugogorrak izan gara esparru guztietan, eta auzokide hurbilei esaten diet: nire harrotasun horrek eramango nau azkeneko momentura arte negozio honen alde borrokatzera.

-Nola ikusten duzu Gros hemendik urte batzuetara eta zer esan nahi diezu etorkizuneko auzotarrei?
Auzo mailan nire burua islatuta ikusten dut, Grosek ere baduelako borroka egiteko grina. Ez dut ikusten auzo ahula denik, aurrera ateratzeko helburua duena baizik. Beti irteten dira eginkizunak, eta auzoarentzat eginak, ez turistentzat; oso familiarrak.

-Espuela: Zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?
Puff, harrapatu nauzu… Auzoarengatik galdetu didazunean, ez dut esan lokal asko hutsik ikusten ditudala Grosen denbora luzez. Hori da batik bat gastu finkoen erruz. Eta komertzio txikien aldeko instituzioen interbentzionismo apurtxo baten falta sumatzen dut. Hain zuzen ere, krisi ekonomiko sakon batean gaudenez, laguntzak bideratu beharko lituzkete auzoak ez desagertzeko. Bestela hemendik zazpi edo zortzi urtera ez da ezta erdia geratuko ere.

-Espuelaren espuela: Gure inguruko zeini zer galdera egingo zenioke?
Noiz eta nola izango diren gai instituzio pubikoak neurri zehatz batzuekin negozio txikiak laguntzeko, auzoaren eta auzotarren alde.

Gros, bi hitzetan
-Lekua: General Artetxe kalea
-Pertsona: Auzo elkartea
-Lokala: Nirea bertan
-Giroa: Zipotz Jaietako Danborrada
-Ametsa: Auzoko argia ez dadila inoiz itzali

Pablo Durán eta Xabier Ríos (irakasleek)

“Karate-doa kalera atera nahi dugu, jendeak ikus dezan egiten duguna”

Karate-do Saito eskola zuzentzen dute Pablo Durán (Ulia, 1976) eta Xabier Ríos (Amara, 1983) irakasleek. Lokala euren maisu Shuichi Saitok zabaldu zuen orain ia 40 urte. Aurten kalera irtengo dira ikasleekin egiten dutena auzoari erakusteko.

-Erakustaldia egingo duzue lehen aldiz Zipotz Jaietan.
Pablo Durán: Ideia da klase bat egitea kalean, ikasleekin eta inguruko jendearekin. Uste dugu polita izango dela, Karate-doa ezagutuko duelako jendeak, ez baita oso ezaguna: ezagutzen den apurra filmeengatik da, eta beti oso desitxuraturik. Oso ondo geratuko da.

Xabier Ríos: Bai, aukera eman nahi diegu ikasleei irakasten duguna erakusteko. Era berean, jendeak ere ikustea zer egiten dugun karate-eskolan, askok zehatz-mehatz ez dakitelako. Kalera atera nahi dugu Karate-doa.

-Zenbat lagun bilduko zarete?
PD: Lau urte eta ia 70 urte bitarteko pertsonak batuko gara, 30 eta 50 lagun inguru. Txofre Plazan izango da, hilaren 16an, 16:00etan, hain justu. Nik beti egin nahi izan dut erakustaldia auzoan, txikia nintzenean gure irakasle Shuichi Saitok eraman baininduen Katalunia plazara eta Sagueseko Jaietara. Oroitzapen hori dut eta gure atzetik datozenek aukera bera izatea nahi nuen. Izan ere, izugarri polita da haurra zarela karate-trajearekin kalera irtetea, lagun eta senitartekoen aurrean erakustaldia egiteko. Zeren gure karatearen ideiaren arabera, helburua ez baita lehiatzea. Hortaz, zu entrenatu ohi zara, baina inork ez zaitu ikusten. Horregatik, inportantea da batez ere haurrentzat zer egiten ari diren gurasoek ikustea.

Izan ere, zuek urte asko daramatzazue Grosen, ezta?
PD: Ni txikitan hasi nintzen, ‘Casa Durán’ tabernako semea naizelako. Gerriko beltza lortu nuen, eta urte luzez gure irakasle Shuichirekin entrenatu ondoren, erretiroa hartzeko unea heldu zitzaion. Hala, orain hamar urte, Xabier eta biok batu gintuen estilo honekin jarrai genezan Donostian. Hortaz, oso urrats naturala izan da. Izan ere, begira, hemen dugu lokaletik irteten [Saito eskolako atarian da, kirol-poltsa eskuan duela. Beraz, elkarrizketa eten eta probestu dugu hiruokin argazkia ateratzeko]. Egunero etortzen da entrenatzera.

XR: Ni kasualitatez hasi nintzen, nire irakasle Antxon Gisasolak ekarri baininduen probatzeko 15 urte nituela. Gustatu eta hemen jarraitzen dut. Ni ez naiz Grosen bizi, baina jarduna hemen egin dut beti: klaseak ematen hasi nintzen, eta ondoren Shuichik eskolarekin jarraitzea proposatu zigun. Bera 1975ean etorri zen Donostiara, eta karate-do eskola 1983an zabaldu zuen.

Zer dira zuentzat Zipotz Jaiak? Bertan parte hartzeak ilusioa piztu al dizue?
PD: Niretzat poz handia da, txikitatik bizi izan ditudalako, seme-alabekin ere ordu asko pasa ditut eta orain jaietan ateratzea oso ederra da. Txikitako oroitzapen polita delako. Hunkigarria izango da karate-doa kalera ateratzea.

XR: Niretzat nobedadea izango da, ez baititut jaiak bizi izan karate-doaren ikuspegitik. Auzoaren parte izanik, gauza polita izango da.

-Nola ikusten duzue Gros pandemiaren ondoren?
PD: Nik auzoa bi partetan bananduko nuke: Peña y Goñi kaletik Nafarroa hiribiderainokoa; eta gero barruko aldea. Pena pixka bat ematen dit barruko aldeak neguan, arratsaldez: kalean inor ez eta askotan Frantzia etortzen zitzaidan burura. Alegia, goizetan giroa ikusten zen, baina arratsaldez, ordea, hutsik. Baina eguraldi onarekin eta udarekin itzultzen ari da.

XR: Pandemiaren oroitzapen hurbilak hori dakarkigu gogora, baina udan biziberritzen ari da auzoa. Oraindik auzo-giroa badago eta zoragarria da. Batzuetan ‘Little Italy’ dirudi, denok elkar ezagutzen baitugu. Grosek ‘inbutua’ egiten digula esaten dugu guk, Zentrora edo Parte Zaharrera joanda ere, azkenean auzoko Karkizano kalean bukatzen baitugu. Gustura gauden lekua da-eta.

-Nola ikusten duzue Gros hemendik urte batzuetara?
XR: Auzo-esentzia mantentzea gustatuko lizaidake. Argi dago turismora zabaldu behar garela, auzoak ulertzeko modu berrietara, baina gustatuko litzaidake mantentzea auzoaren esentzia: kaleko bizitza, dena frankiziak ez izatea, jendeak etxe azpian kontsumitzea… Ez dadila auzoko bizitza galdu.

PD: Finean, ez dadila izan auzo polita soilik udan.

-Eta zer esan nahi diezue etorkizuneko auzotarrei?
PD: Gauzen alde borrokatu behar dugula, ez dizutela ezer doan emango. Eta hori oso loturik da guk karaten erakusten dugunarekin: bizitzak kolpe asko emango dizkizu, baina beti aurrera jo behar duzu. Eta gehiago borrokatu behar dugu. Gaztea nintzenean gazte-mugimendu handia zegoen. Gaur egun ez dago ezer, denon bizitza aldatzen ari da eta inork ez du ezer egiten. Penagarria da.

-Espuela: Zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?
PD: Zergatik uste duzue jarraitu behar duzuela? [galdera Pabloren alaba Anek luzatu die]. Egia esan, biok beste gauza batzuetan egin dugu lan, baina karate irakaslea soilik naizenetik zoriontsuagoa naiz, egiten ari naizen honetan sinesten dudalako. Egiten duguna balekoa dela uste dut, batez ere gazteei balore batzuk irakasteko: pertseberantzia, disziplina, errespetua, une latzetan aurrera egin beharra… Ni zoriontsuagoa naiz eta uste dut hori helaraz daitekeela.

XR: ‘Do’-rekin amaitzen diren arte martzial guztietan dago hori. Izan ere, ‘do’ filosofia-bide bat da. Hobekuntza fisiko eta teknikoaz gain, irakaskuntza filosofiko eta mentala da. Horrez gain, lehiatzeko prestatzen ez garenez, jendeari irakasten diogu ez dadila beti aritu dominaren edo kanpoko goraipamenen bila. Gogorra da, baina zuretzat egiten duzu.

-Espuelaren espuela: Gure inguruko zeini zer galdera egingo zenioke?
PD: Alkateari galdetuko nioke zergatik ez dagoen kontzertu gehiagorik Donostian. Denak kanpora eraman dituzte! Soilik jaietan eta gazteek auzoetan antolatzen dituztenak ditugu orain. Jazzaldia eta Zipotz Jaiak kenduta, auzoa hilik dago kultur ikuspegitik.

Gros, bi hitzetan
-Lekua: XR: Zurriola
PD: Secundino Esnaola.
-Pertsona: XP: Shuichi Saito
PD: Peio ‘Kixkurra’
-Lokala: XP: ‘Gaztelu Txiki’.
PD: Casa Durán
-Giroa: XR: Estropadak
PD: San Sebastian eguna.
-Ametsa: XR eta PD: Hemendik 40 urtera ‘Saito’ eskola lanean jarraitzea

Go to Top