Asier Abilleira eta Manex San Jose

“Txapelketa honen xarma frontoia eta jendea dira”

Asier Abilleira ‘Gorriti’, Esku Pilota eta Pala Txapelketaren antolatzailea Manex San Jose, Manex Etxeberria eta Asier Abilleira ‘Gorriti’ dira Zipotz Jaietako esku pilota eta pala txapelketaren anto-latzaileak. Arrakasta handia duen ekimena dugu: azken bi urteotan bikoiztu egin du bikote kopurua. Oso pozik dira auzoaren
erantzunarekin.

-Txapelketak gero eta sona handiagoa du. Noiz hasi zineten?
Ni txikitan hemen hasi nintzen jolasten, Jon Fernandez auzotarra antolakuntzan zegoela. Hainbat urtez ibili ginen hala, baina duela bospasei urte Jon aita izan zen, eta ezinezkoa zitzaion hona egunero etortzea.
Hori zela eta, Manex San Jose, Manex Etxeberria eta hiruok animatu ginen. Dago turismoari begira, gero eta zailagoa da gazteak Grosen bizi ahal izatea eta gero eta adindu gehiago gaude bertan bizitzen.

-Arrakasta itzela izan duzue azken urteotan.
Hasi ginenean, duela bospasei urte, auzoko gazteak ginen batik bat. Baina ahoz ahokoak izugarri funtzionatu du, eta palan batez ere sekulako maila lortu dugu. Aurten inoiz baino bikote gehiagok
izena eman dute: 67 bikotek, hain zuzen.

Eta hau guztia kudeatzea ez da erraza: orain arte lau aste ziren, orain, ordea, bost asteko txapelketa da: bost partida eguneko. Modalitateak dira: esku pilota –aurten 10 bikote-; gomazko pilotarekin pala lehen maila -9 bikote- eta bigarren maila -34 bikote-; eta nesken pala, teniseko piloarekin -14 bikote-. Azken hau nesken parte hartzea sustatzeko da, baina txapelketa oro har irekia da, denentzat. Jatorri aldetik, Tolosa, Irura, Andoain, Segura edo Gasteiz bezalako lekuetatik ere etorri zaizkigu.

-Jende asko eta antolakuntza handia. Erronka ugari izango dituzue, ezta?
Auzo-txapelketa da eta auzoarentzat izatea nahi dugu, jendeak jolas dezan eta pozik irten dadin. Hori mantentzen saiatzen gara, mailaren eta auzo izaeraren arteko oreka mantentzen. Finaletako egunean, adibidez, afaria egiten dugu denok elkarrekin, gero nahi duenak parranda… Palaren bi mailak oreka hori mantentzeko sortu genituen eta pozik gaude.

-Zuentzat zer dira Zipotz Jaiak?
Bere garaian sekulako beldurra ematen zidan antolatzaile moduan lanean ari zen pertsonak jarduna uzteak eta honi segida ez emateak. Izan ere, behin horrelako txapelketa polita antolatuta, ezin zen bertan behera utzi. Ahal dugun guztia egin dugu aurrera eraman ahal izateko: egunero-egunero ordu pila bat dira, jende asko kudeatu behar duzu… Hala ere, egindako lan guztiak pozez betetzen nau, harro nago. Sortzen dugun giroarekin eta jendearen poztasunarekin nahikoa da guretzat.

-Zein da zuen ekarpena?
Oso gurea den kirola sustatzea eta oso presente egotea auzoan, zeren inguruan dabilen jendeak txapelketa presente baitu; nahiz eta ez parte hartu, ikustera badatorre-lako kuadrillarekin.

-Eta nola ikusten duzu Gros egun? Hemendik urte batzuetara?
Jendea oso gogotsu dago. Pixka bat larritzen nauena da gazteen konpromiso ezak oro har. Arlo guztietan nabari deza-kegu eta horrek gerora begira larritzen nau. Hemen beti egongo da antolatu duenik, baina gazte gutxi ikusten ditut frontoietan, jolasten, harmailetan… Eta auzoan ere berdintsu. Bestalde, Donostiaren egoera ezagutzen dugu, auzoan jaio, bizi eta hiltzeko gaia gero eta okerrago dago, baina gu hemen egongo gara. Eta gauden bitartean, giroa hemen egongo da.

-Eta txapelketa honen geroa nola ikusten duzu? Ondo dator. Gure kirola da eta beti egongo dira pilotariak eta zaletasuna. Ez nau lar-ritzen, laguntzeko prest ere bada jendea; baita pilotariak ere.

-Espuela: zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?
Ikusi beharrik ez dago: urtero-urtero gero eta pilotari gehiago eta giro handiagoa izateak asko pozten gaitu; zerbait ondo egiten ari garen seinale da hori. Hortaz, galdera: ondo ari al zarete?

-Espuelaren espuela: zure inguruko zeini eta zer galdera egingo zenioke?
Ikaragarri pozten nau, eta hau broma moduan diot: Juantxo Arana beteranoak hiruzpalau urte daramatza esanez hau bere azken urtea izango dela palan jokatzen. Hori entzuteak sekulako pena ematen dit, eta hurrengo urtean bera ikusteak, ordea, ikaragarri pozten nau. Sasoian dagoela ikusteak, are gehiago. Elkarrizketa amaitzeko baldin bada, umore pixka batez galdetuko nioke ea hau den azken urtea. Izan ere, Juantxo txapelketaren memoria bizia da, eta askotan galdetzen diot ekimena nola hasi zen eta abar.

Gros, bi hitzetan
-Lekua: Sagueseko frontoiko harmaila.
-Pertsona edota kolektibo bat: Jon Fernandez eta jolastu duten heldu denak
-Giroa: Arratsalderoko pilota partidak
-Ametsa: Hurrengo urtean frontoia txukuna topatzea

Testua eta argazkia: Aitor Azurki

Iker eta Unai Martinez (Revolutionary Brothers)

“Zipotz Jaiak herri-poza eta giroa dira”

Iker eta Unai Martinez ‘Revolutionary Brothers’ anaiek bizitza osoa daramate auzoari lotuta. Hori zela eta, modu naturalean heldu zioten orain urte asko ostegunetako reggae-kontzertuak antolatzeari. Etenaldi baten ondoren, gogotsu datozkigu berriz aurten.

-Makina bat urte daramazue Zipotz Jaietan jotzen.
Iker Martinez: Bospasei urtez jo izan dugu; modu natural batean sortu zen, auzoko elkarlanaren ondorioz. Gu beti saltsan gara, eta gustazen zaigu ekitaldiak antolatzea.

Unai Martinez: Beti prest gaude eta behin ostegunak indartzeko gure parte hartzea eskatu ziguten; ‘Revolutionary Brothers’ gisa aritu ginen. Polita izan zen eta, hortik aurrera, urtero kontzertua antolatzen hasi ginen ostegunean.

-Zer harreman izan duzue auzoarekin eta festekin?
IM: Oso gustura egon gara beti Zipotzeko eta auzoko jendarekin festak egiten. Gainera, ‘Kixkurra’ tabernan asko ibiliak gara: gurasoek poteoa hor egin dute betidanik, Peio eta kuadrila guztia ezagutzen ditugu, eta auzokoak izanda, modu naturala zen elkarlana sortzea. Gu beti prest izan gara edozer gauza antolatzeko.

UM: Saguesen ere antolatu izan dugu: behin egin genuen, Katalunia Plazako obrak zirela eta. Ostegunetan oso giro polita sortu zen eta nolabaiteko erreferentziazko reggae gaua bihurtu zen nahi gabe; antolatzen hasi ginen eta bat-batean ostegunak ospea hartu zuen. Urte ugari egon gara hala, orain laupabost urte esan zigutenera arte beste zerbait jarriko zutela, estiloz aldatzeko. Aurten alde bietatik ongi ikusi dugu berriz antolatzea.

-Zuentzat zer dira Zipotz Jaiak eta zein da festen ekarpena?
UM: Beti argi eta garbi utzi dugu Grosekoak garela; harro gaude bai auzoaz, bai giroaz, eta hori edonon esan dugu. Horretaz gain, hemen bizi ginenez, hemen sortu genuen ‘Inda Glory’ reggae eta hip hop elkartea, zigilua eta gure zubiak jendearekin eta artistekin. Hementxe, ‘Gloria’ kalean, sortu genuen gure ibilbidea.

-Hortaz, zenbat artista pasa dira zuen Groseko estudiotik?
IM: Puf! Pila bat: Million Stylez, General Levy, Skarra Mucci, Doctor Ring Ding, Marina P, Hermano L, Sena, Protoje, Max eta Shanna Romeo, Treesha, Iseo and Dodosound, Sara Lugo, Emeterians… Gehienek musika grabatu dute gurean, baina batzuk ez, gurekin gauzak lotzeko izan dira Grosen.

-Zuentzat zer dira Zipotz Jaiak eta zein da festen ekarpena?
UM: Groseko giroa, kultura, herri-mugimendua astintzeko lantaldea da. Gogoratzen naiz gaztetan futbolean jolasten genuela Zuhaiztin, kirolean eta jokoetan parte hartzen genuen… Beti uztailean herri-poza dira, herri-giroa da.

-Nola ikusten duzu Gros gaur egun?
IM: Bizirik eta atzerritarrez beteta, ezta?
UM: Jendez gainezka dago. Hori ona da, auzo bizia delako, baina ez dakit horrenbeste.

-Eta nola ikusten duzue Gros hemendik urte batzuetara?
IM: Basque Culinary Center auzoan egiten baldin badute, oso gaizki. Ez luke hor egon beharko, Groseko azken zatitxo berdea baita.

UM: Bai. Ondo legoke auzoa ja gehiago ez zabaltzea, eta dauden tabernak, dendak eta abar mantentzea, hau da, auzo parte hori ez galtzea. Eta arriskua badago.

-Zer esan nahi diezue etorkizuneko auzotarrei?
IM: Goazen auzoaz gozatzera, eta jaiez gotzatzera: ekimen asko egiten dira: pala txapelketa Saguesen, umeentzako jolasak ere badaude, kontzertuak… Eta aurtengo osteguneko reggae jaialdia oso dantzagarria eta oso polita izango da. Gainera, jende euskaldunarekin. Izan ere, ‘Grompy Style Band’ taldea egongo da, reggae-funky estilodun Zarautz eta Getariako jendea. ‘Eira’ eta ‘Beñaranks’ ere gurekin egongo dira. Baita Donostiako ‘Bombadibil’ sound systema ere. Hemengo reggae estiloa izango da.

-Espuela: Zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?
IM: Ea pozik gauden berriro Zipotzetan jaialdia antolatzeaz. Beti bezala, auzoko giroari laguntzeko, pozik eta ilusio handiz gaude.

-Espuelaren espuela: Gure inguruko zeini zer galdera egingo zenioke?
UM: Udalari: non dago kultura kalean? Hiri honetan dena oso mugatuta dago eta kultura kalean egon behar da.

Gros, bi hitzetan
-Lekua: IM: Hondartza.
UM: Muroa
-Pertsona: UM eta IM: Peio ‘Kixkurra’
-Lokala: UM eta IM: ‘Ezkurra’ taberna
-Giroa: UM eta IM: Zipotz Jaiak
-Ametsa: UM eta IM: Auzoak auzo izaera mantentzea

Testua eta argazkia: Aitor Azurki

Aitor Minaya (Basajaun elkarteko presidentea)

“Horrelako ekimenak erresistentziak eta komunitatea sortzeko modu ona dira”

Basajaun elkartearen helburua da sukaldaritza komunitarioa sortzea, sustatzea eta zabaltzea. Donostiako Herrera auzoan jaio eta orain Grosera ere salto egin du. 80 laguni etxeko janaria prestatzen die astero, eta elkartea oso gustura da izandako harrerarekin. Mozkinak auzoari bueltatuko dizkio hainbat jarduera bultzatuta.

-Hainbat urte daramatzazue Donostiako Herrera auzoan sukaldaritza komunitarioa lantzen. Zertan datza?
‘Basajaun’ irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta elikagaien subiranotasuna sustatzea du helburu. Astean behin proposatzen ditugun menu batzuen bidez -astean 17 plater aukera daitezke-, bazkideek 4 edo 8 plater aukeratzen dituzte. Guk plater horiek kozinatu, ontzi berrerabilgarrietan sartu eta elkarteko hozkailuan gordetzen ditugu, bazkideak astean behin edo bitan jasotzeko.

-Orain, Grosera salto egin duzue. Nola antolatu duzue dena?
Lehenik eta behin, Basajaunen helburua sukalde komunitarioen konfederazioa sortzea da. Beraz, helburua Groseko komunitatean Herrerako komunitatean egindako proiektua errepikatzea da. Ekimen honek auzoetako elikaduraren inguruko egitura sortzen du modu autonomoan eta komunitarioan, eta, ondoren, sukaldeen konfederazio batera iristen da. Bertan, nodo bakoitza burujabea izango da, baina tresna jakin batzuk partekatzeko aukera du.

Grosen kasuan, gure helburu sozialen antzekoa izan zitekeen espazio bat bilatu genuen, gauza berriei beldurrik izango ez ziena, eta auzoarekin elkarlanean arituko zena. Beraz, Marrumako atea jo genuen Gros auzoan ekimena hartzeko gune gisa, eta zoragarri iruditu zitzaien. Beraz, hozkailua jarri genuen eta banatzeko nodo bat sortu. Hala, janaria Herreran prestatzen dugu, eta gero Grosera garraiatzen dugu. Etxeko janaria da, eta erabiltzen ditugun hornitzaileak lokalak eta ekologikoak dira, ahal den neurrian. Pixkanaka helburuak betetzen ari gara.

-Zer harrera izan duzue auzoan?
Harrera ezin hobea izan da. Marrumak oso erraza jarri digu dena eta beti da laguntzeko prest. Pixkanaka bazkide kopuruan handitzen ari gara, eta espero dugu are gehiago haztea. Irailean ondo etorriko litzaiguke kopuruan bultzadatxoa izatea. Gros auzo ezin hobea da ekimena hartzeko, gentrifikazioa triskantza egiten ari baita, eta horrelako ekimenak erresistentziak eta komunitatea sortzeko modu ona dira.

-Zuentzat zer dira Zipotz Jaiak?
Elkarteko kide batzuk Egian bizi gara eta ohikoak gara Zipotz Jaietan. Niretzat, auzoko jai guztietan bezala, bertan bizi diren pertsonei legitimoki dagokigun espazio bat bizitzen jarraitzen dugula ospatzeko modua da. Etxebizitza turistikoekin, ‘fast food’ makrokateekin eta abarrekin usurpatzen saiatu arren, beti izango dugu zarata egiteko eta kaleak okupatzeko eskubidea, beharrezkoa denean, eta festa moduan bada, hobe, noski.

-Nola topatu duzue auzoa 2023an?
Nortasun sendoa duen auzoa dela ikusi dugu, baina Udalaren turismo-politikek nahiko itota dago, nahiz eta erresistentziarako hainbat gotorleku geratzen diren. Auzoaren alde eta auzoarentzat gauzak egiteko gogo handiko komunitatea da, baina erakundeak horretarako oztopo asko ditu. Izan ere, Udalaren interesak komunitatearen interesen guztiz kontrakoak dira. Hori nolabait indargabetu behar da.

-Eta nola ikusten duzue Gros hemendik urte batzuetara?
Bene-benetan uste dut Grosek turismo-politikei aurre egitea lortzen badu, bere biztanleentzat bizi-kalitatea sortzeko indar ikaragarria duela, bai kokapen geografikoagatik, bai komunitatearen indarragatik. Nire nahia horixe litzateke: politika horiei aurre egitea eta komunitatea sortzea.

-Zer esango zenieke auzokoei?
Antolatu egin behar direla, auzoa egin eta auzokideen artean elkar ezagutu: bizilagunarekin hitz egin okindegirantz zoazenen, adibidez. Auzoa zaintzeaz gain, elkar zaindu, etortzen zaizkigun munstroek ahuldu egiten gaituztelako bananduta gaudenean, eta gure espazioan bizitzeko itxaropen guztia murrizten digutelako.

Elkarte gisa, etorkizunerako planik ba al duzue?
Oraingoz, ekimenari eutsiko diogu, gero eta gehiago kostatzen zaigu eustea eta hazten jarraitzea. Hortaz, irailetik aurrera plantilla handitu beharko dugu pixkanaka. Hala ere, genituen helburuak betetzen ari gara, eta era positiboan baloratzen dugu egindako bidea.

-Espuela: Zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?
Mundu guztiak beti galdetzen duena… Itxura hori zure adinean? Punki edo heavy al zara?

Gros, bi hitzetan
-Lekua: Jai Alaitik Egiarako pasabidea
-Pertsona edo kolektiboa: Saretxe
-Lokala: Kixkurra
-Giroa: Espigoia, neguan
-Ametsa: Auzodefentsa

Testua eta argazkia: Aitor Azurki
Go to Top