Ibai Etxarri

2017ko Zipotz Jaietako kartelaren ilustratzailea

Ibai Etxarrik azken hiru urteetako Zipotz Jaietako kartela egin du, baita Santo Tomas egunekoa ere. Honegatik interesgarria iruditu zaigu elkarrizketa bat egitea. Bere ibilbidearen errepaso txiki bat egin ondoren, egindako elkarrizketa irakurri ahal izango duzue.

Batxiler artistikoa bukatu, diseinuarekin zerikusia duen Goi Mailako ziklo bat egin eta jarraian praktikak egin zituen Ibai Etxarrik mundu honetan aritzen den enpresa batean, non ondoren bertan lanean jarraitu zuen hilabete batzuetan zehar. Tamalez, krisi garaiak bete betean harrapatu zuen enpresa hau eta noski, kaleratu zuten lehena, iristen azkenekoa izan zen. Momentu honek geldialdi handi bat ekarri zuen Etxarriren ibilbide artistikoan. Urte luzez, udaraero hondartzan aritu izan da lanean, toldero lanak egiten. Neguak berriz, kurtsoak egiteko erabili izan ditu. Garai honetan, Goi Mailako beste ziklo bat ikasi zuen, aurretik landu zuena osatzeko eta beranduago, urtebetez Bartzelonara joan zen 3D animazioa ikastera. Urte hau, esperientzia polit bat bezala gogoratzen du. Egia da, gaur egun, animazioa alde batera utzia duela, baina pozik dago hori ikasi izanaz, ez baitu alde batera uzten gai honi berriro ere heltzeko aukera. Beraz, esan bezala, neguak ikasteko erabili dituen arren, diseinuarekin zerikusia ez duten lan askotan ibili da Ibai, zaila baita mundu honetan bide bat egitea. Baina duela gutxi, mundu honetara itzuli da, ilustratzaile bezala berriro jaio dela dio, bere estiloa lortuz eta borrokan dabil diseinuaren mundua bere ogibide izateko.

-Nola erabaki zenuen ilustratzaile izatea?
Beti gustatu izan zait marraztea eta nire ametsetako bat hau izan da, pausoz pauso lortzen ari naizena. Dena den, ilustratzailea naiz baina honek oraindik ez dit jateko ematen. Proiektu ezberdinak ditut handik eta hemendik eta baita kolaborazio ezberdinak ere. Baina zaila dago ilustrazio mundu honetan aurrea ateratzea. Hala ere, argi daukat saiatzen denak azkenean lortu egiten duela.

-Zure ibilbidea kontatu. Gaur egun zertan ari zara?
Eskatzen didatenean, kartelak, logotipoak, kolaborazioetarako ilustrazioak, etab. egiten ditut. Baina momentu honetan dudan proiektu garrantzitsuena lagun batekin aurrera ateratzen ari naizena da. Ugarri deitzen den enpresa sortzen ari gara bien artean. Biok diseinatzaile grafikoak gara eta horretaz gain ni ilustratzailea. Nahasketa honekin gure estilo finkoa lortu dugu eta hori gure lanetan ikusi daiteke. Etxeetako paretetan, enpresetan, kalean… enkargu bidez eskatzen diguten edozer gauza burutzen dugu. Dena pintzel eta brotxa bidez, gustu eta fintasun handiko lanak. Ondorengo helbideetan dago gure lana ikusgai.

https://www.facebook.com/ugarriart/
www.instagram.com/ugarriart/

-Horrelako gauza asko egiten dituzu?
Momentu honetan, proiektu ezberdinak ditugu esku artean. Orain arte, etxe partikular batzuetako paretetan; sukalde, egongela eta logeletan egin ditugu gure irudiak. Baina kalean ere ari gara lanean: Altzako Txapinene kaleko pareta bat marraztu dugu, “Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak” eskatua. “Usurbilen nahi ditugu” elkarteak eskatutako beste proiektu bat Zubiaurreneako errotondan burutu dugu eta Urruñan ere egin dugu lanen bat, besteak beste.

-Zer sentitzen duzu jai batzuk zuk egindako irudia dutenean kartelean?
Jendeari nirea den zati bat helarazten diodala sentitzen dut. Kalean, tabernetan, denden sarreretan zurea den kartela ikusteak ilusio asko egiten du.

-Zer da zuretzat marraztea?
Neretzat marraztea, deskonektatzeko momentua da. Orri baten aurrean jartzeak edo ordenagailu aurrean jartzeak, nagoen lekutik at narama, nire munduan sartzen naiz, erlaxazio ariketa bat izango balitz bezala. Hori bai, nire buruhausteak eta haserreak ere izaten ditut, irudikatu nahi dudana ateratzen ez denean.

-Zipotz Jaietan parte hartzen duzu?
Egia esan orain arte, udara guztietan hondartzan toldero lanak egiten aritu naiz eta ezin izan dut Zipotz Jaietako ekintzetan parte hartu. Kontzerturen batean izan naiz, baina horretarako bakarrik aukera izan dut, egunean zehar ezin izan dut parte hartu, ea aurten!

Nerea Lizarralde
/ IRUTXULOKO HITZA.

Xabier Urbeltz eta Ander Anza

Antxeta elkartea, 50 urtez auzoan eragiten

Xabier Urbeltz eta Ander Anza, Antxeta elkarteko lehendakaria eta lehendakariordea dira. Aurten Zipotz Jaietako txupinazoan, pregoia irakurri ondoren elkarte hau sarituko da eta arrazoi honengatik egin genien elkarrizketa Urbeltz eta Anzari.

-Zer da Antxeta, zer egiten duzue bertan?
Xabier Urbeltz: Antxeta elkarte bezala duela 50 urte sortu zen. Helburua, auzoko jende ezberdina biltzea izan zen, eta modu honetan, elkarrekin egoteko espazio bat izatea. Garai horretan Sagues oso ezberdina zen, auzo marjinala zela esan daiteke. Arratoiez betea, ura kutsatua zegoela esaten zen… Hiriko erdigunetik inor ez zen hona etortzen, fama txarra zuen. Argi ikusten genuen, bertan bizi ginenok espazio bat behar genuela, bilerak egiteko, gauzak antolatzeko, etab. Honela 1967an sortu zen Antxeta. Hasieran, elkarte gastronomikoa ezin zen izan, ez genituelako horretarako baldintzak betetzen, eta beraz arrantzarekin hasi ginen, arrantza elkarte bezala. Aurrerago, futbol sala eduki genuen, mendi taldeak antolatu genituen, eskupilota taldea genuen eta euskara ere irakasten zen. 85ean danborrada atera genuen baita ere. Musean ere txapeldunak izan gara, elkarteen arteko lehiaketan lehen saria irabazi genuelarik.

Ander Anza: Orain batez ere bazkariak eta afariak egiten ditugu, duela bost urte elkarte gastronomikoa izatea lortu genuen eta. Gainontzeko elkarteekin ere egin dugu gure sarea eta lanketa ezberdinak egin ditugu. Adibidez, hemen egin nahi zituzten hotelen aurka egin dugu lan elkarrekin, egin nahi zen aparkalekuaren aurka baita ere. Hau da, sortu diren arazo ezberdinen aurrean elkartu egin gara eta lanketa ezberdinak egin ditugu. Auzoaren defentsa egin dugu. Sagueseko etxeak bota eta bost dorre eraikitzeko proposamena ere egon zen, baina kontrako mugimendua indartsua izan zen eta proiekGainera esan beharra dago, elkarte hau egokitzen lan asko egin genuela, izan ere, lehenago ikuilu bat zen. Gertu matadero bat zegoen, arratoi asko egoten ziren… eta begira orain, auzo surflari moderno batean bilakatu da. Elkartea ere surflariez betea dago! Lehenago, esan bezala, ura kutsatuta zegoela zioten, auzoa zikina zegoen… eta begira orain, hemen gaude terraza batean eserita, itsasoari begira eta itsasoa surflariz beteta. Horrelako leku gutxi daude Donostian eta inguruetan! Gainera pozik gaude, elkartean gaur egun jende gazte asko dabilelako, horrek ilusio handia egiten digu, jarraituko duten generazioak badaudela erakusten digulako.

-Euskara irakasten zenutela esan duzue?
A.A. Ez dakit ze urtetan izan zen, baina bai horretan hasi ginen. Bazegoen auzoan euskaraz ez zekien jendea eta haiei irakasten hasi ginen. Elkarteko kide batek, nahiz eta bera irakaslea ez izan, lan hau hartu zuen. Beraz, Antxetak zerbitzu hau ere eskaini zion auzoari. Gerora galdu egin zen, betiko eragozpenak direla eta; baliabide falta.

-Zenbat bazkide ditu Antxetak?
A.A. 100 hor inguru.

X.U. Elkartea “multiusos” del esan daiteke, bertan gehien egiten dena, bazkariak eta afariak dira, baina lehen esan dugun bezala era guztietako ekintzak antolatzen ditugu eta gauza ezberdinetarako biltzen gara bertan.

-Emakumezkoak bazkideak izan daitezke?
A.A. Ez, gizonezkoak bakarrik. Hori aldatzeko lan egiten ari gara. Helduenak direnak ez daude ados, baina pixkanaka lortuko dugu. Lehen ezin ziren sartu ere egin eta orain bai. Gauzak aldatzen joango dira.

-Sagueseko jaiak antolatzen zenituzten lehen Antxetako kideek?
A.A. eta X.U. Bai, eta baita lehengo inauteriak ere. Sagueseko jaiak oso zaharrak dira, Zipotz Jaiak baina lehenagokoak.

X.U. Ni gaztea nintzenean Sagueseko jaiak oso indartsuak ziren. Amara Zaharreko jaien pare zeuden garai haietan.

-Noiz utzi zenioten jai hauek egiteari eta zergatik hartu zenuten erabaki hau?
X.U. Azkenekoz 2004ean egin genituen.

A.A. Beti berdinak ari ginen jaiak antolatzen eta aspertu egin ginen. Ez zegoen jarraituko zuen generaziorik. Gazteak ginela hasi ginen jaiak antolatzen, 16-17 urte genituela eta 40tik gora urte genituenerako nazkatu ginen, betikoak lanean aritzeaz, ondorengorik ez genuen. Gainera ideia berritzaileak ere ez genituen, betikoak betikoa egiten…

Pozik gaude aurten antolatuko direlako eta talde bat sortuko balitz, agian datorren urtean egiten jarraituko dutelako. Baina pertsona batek lana hartzen badu edo gutxi batzuk, zaila ikusten dugu antolatzen jarraitzea, jende gutxirentzat lan asko baita.

-Beraz, aurten Sagueseko Jaiak izango ditugu berriro ere?
X.U. Bai, elkarteko kide diren gazte batzuk animatu dira antolatzera, 50. urteurrena denez, aitzakia hau hartu dute eta animatu egin dira. Agian datozen urteetan jarraituko dutela diote, baino ez dakigu, printzipioz aurtengoak, ekainaren 20tik 25era izango dira.

A.A. Buruhandiak eta erraldoiak egongo dira, kontzertuak, tortilla lehiaketa, pailazoak, txaranga, zinea, surfa, Donostia kantuz, Iruñatik ere erraldoiak etorriko dira (ez ospetsuak direnak, beste batzuk), afariak, bazkariak… jai-jaiak izango dira aurtengoan eta denetarik egongo da.

-Noiz ezagutuko dugu egitaraua?
A.A. Igandean daukagu bilera egitaraua amaitzeko, beraz laster argitaratuko dugu.

-Zipotz jaietan, festen hasierako txupinazoan ematen den pregoian saria emango zaizue, ze suposatzen du honek Antxetarentzat?
X.U. Ohore bat da behintzat norbait gutaz akordatzea. Ez dakigu ze meritu egin dugun, baina asko eskertzen dugu. Auzoagatik zerbait egin duen elkarte edo pertsonak omentzen dira, eta gu horregatik omentzen gaituzuela entzuteak, hunkitu egiten gaitu.

-Zipotz jaietan parte hartzen duzue?
A.A. eta X.U. Bai noski.

A.A. Guk eduki genituen erraldoiak Zipotz jaietarako eman genituen. Gaur egun, Zipotz Jaietan erraldoi berriak daude, baina lehenagokoak guk emanak dira. Buruhandiak ere eman genizkien bere garaian. Santo Tomas egunean postua jartzen dugu Txofre plazan. Urtero etortzen dira baita ere, Zipotz Jaietako bi ordezkari gure elkartera bazkaltzera. Beraz ikusi daitekeen bezala, harreman ona dugu.

-Zipotz jaietan zer egitea gustatzen zaizue?
A.A. Beti ikusten ditugu erraldoiak, trikipoteoak, txarangak… Kontzertuak kaineroegiak dira guretzat eta helduentzat prestatua dagoen musika berriz, mantsoegia iruditzen zaigu. Beraz tabernaz taberna egoten gara poteoan txaranga eta erraldoiak ikusten.

Xabier Urbeltz (lehendakaria).
Ander Anza (lehendakariordea).

Groseko asanblada feminista

Talde feminista sortu da Grosen

-Kontatu nola sortu zen taldea, zergatik, zenbat jendek hartzen du parte bertan, …
Neska batzuk jada bageneraman denbora bat feminismoa lantzeko gogoz, eta, azkenean, inguruko beste neska batzuekin hitz egin, eta batzar ireki bat egitea proposatu genuen. 15 bat lagun elkartu ginen lehen asanblada hartan. Ikusi genuen planteamendu askotan bat egiten genuela, eta martxan jartzea erabaki genuen. Geroztik, biltzen jarraitu dugu.

-Zer egiten duzue edo batez ere, zer egiteko asmoa duzue, duela gutxi sortu baita taldea. Zein esparrutan eragiteko asmoa du taldeak?
Lehen aldiz elkartu ginenean, konturatu ginen garrantzi berezia zuela guretzat boteretze feminista lantzeak, eta, beraz, erabaki genuen hasieran behintzat barrura begirako lana lehenetsiko genuela. Era berean, Zipotz jaiak zetozela eta, jaiei begirako lanketa feminista egitea beharrezko ikusi genuen, eta eraso sexisten aurkako protokolo bat prestatzen jarri ginen. Izan ere, ez dugu lanketa feminista hau gure taldera mugatu nahi, eta zabaltze horretan ari gara orain.

-Zergatik iruditzen zaizue garrantzitsua protokolo hau?
Lehenik eta behin, jai eremuak eraso asko gertatzen diren lekuak direla badakigu, eta hor eragitea beharrezkotzat jotzen dugu, jaiak ere espazio seguruak izan daitezen denontzat. Bestetik, gaia mahai gainera aterata, problematika honi ikusgarritasuna eman nahi izan diogu, honen inguruan hausnarketa bultzatu, eta, era berean, prebentzio lan bat egiteko.

-Jaiek zer paper jokatu dezakete auzoko berdintasunean eragiteko? Horretarako tresna bat direla uste duzue?
Jaiak garrantzi handia dute auzoan, pertsona asko biltzen diren espazio bat direlako; antolakuntzan eta parte hartzen auzotar asko biltzen gara. Horregatik, aukera eskaintzen digute jende askorengana iristeko. Jaien inguruko planteamendua zabalagoa da lau egun horiek baino, eta, ondorioz, ikuspuntu feminista txertatzea oso garrantzitsua izan daiteke jaiez haratago eragiteko.

-Taldea duela gutxi sortu den arren, zipotz jaietara begira zerbait antolatzeko asmorik duzue?
Hasi besterik ez gara egin, eta, beraz, aurten ez dugu egitarauan ekitaldi berezirik prestatu, baino gutariko batzuk jada antolakuntzaren parte garenez, perspektiba feminista txertatzen dugu gure jardunean. Aurten batez ere bi lanketa egingo ditugu: batetik, eraso sexisten aurkako protokoloa prestatu, eta, beharrezkoa bada, hori erabiltzeko baliabideak jarriko ditugu; bestetik, mezu feministen ikusgarritasuna bermatuko dugu. Landu nahi dugu emakume guztiok eroso sentitzea jaietan; beraz, horri begira, tailer bat antolatu dugu, jaien aurretik auzoko emakumeak bildu, eta gai horien inguruan hausnartzeko eta gure beharrei erantzuteko tresnak geureganatzeko.

-Zipotz jaietan parte hartzen duzue? Zer da gustukoen duzuena?
Urtean zehar zaila izaten da auzoko jende askorekin egotea, eta jaiek aukera hori eskaintzen digute. Egunean zeharreko ekitaldiak gustatzen zaizkigu gehien; adibidez, elektrotxaranga edo danborrada.

-Beste ezer gehitu nahiko zenukete?
Azpimarratu nahi dugu asanblada feminista moduan gure gain hartu badugu ere feminismoaren lanketa, auzoko norbanako eta eragile guztion ardura dela bide horretan urratsak egitea.
Guztion artean soilik lortu dezakegu auzo parekideago bat.
Gora borroka feminista!!!

Go to Top