Zipotz eta Legamiren historia
GAUR oraindik ere Zipotz gogoan dute Uliako eta Groseko nagusienetako batzuek. Hala ere ez dute, ordea, xehetasun zehatzik kontatzen haren familiari, lanari edota etxeari buruz eta, auskalo, halakorik ez zuen izango, agian. Batzuek diotenez, gaztetan morroi ibilia zen, Astigarragako baserri batean. Beste zenbaiten esanetan, Uliako txabola batean bizi omen zen noizbehinka. Hori bai, Pedro Leizaolaren sagardotegian sarritan izaten zela kontatzeko inork ez du erreparorik. Sagardotegi hori, gaur egun San Antonio okindegia dagoen etxeko behe oinean kokaturik zegoen. Sagardotegiak Zemoria kaletik, garai hartan San Frantzisko kaleko 61.a zenetik, zeukan sarrera bat eta han deskargatzen zuten sagarra, arrapala batetik barrena dolareraino hustuz, eta beste sarrera Jose Migel Barandiaran kaletik zeukan, garai hartan Kolon pasealekuko Y letra. Bezeroek eta, oro har, sagardozaleek ate hori erabili ohi zuten. Sagarrez gainezka gurdiak, eta gero kamioiak, iristen zirenean, auzoko mutiko guztiak pilaka biltzen ziren hara, sagar-aleren bat eskuratzeko esperantzaz edo, eta nagusiak Zipotz jartzen zuen deskarga zaintzen. Zipotz makila dantzatuz eta deiadarka saiatzen zen mutikoak izutzen, baina bueltan jasotzen zituen keinuak eta ele gaiztoak tarteka nahikoa iraingarriak gerta zitezkeen, nahiz eta, guztiek begi onez ikusten zutenez, inork ez izan halako irain-asmorik.
Hartan, egun batez, mutikoetariko batek, guztien artean ñañarroenak, “Zipotz!” deitu zion, upeleko zulo txikia tapatzeko erabiltzen den ziriaren pareko eginez, eta egun hartatik aurrera Zipotz deitu zioten guztiek.
Denbora joan ahala, batik bat azken urteetan, Zipotz falta bazen auzoa hutsik zegoela zirudien eta, batez ere jaietan, musika bezain beharrezkoa zela esan zitekeen. Ez zuen sagardoa ordaindu beharrik izaten eta mahai batetik eta bestetik gonbidatzen zuten, beste gabe, haren esaera eta kontaeren gatz eta piperraren truke. Haren isekaren ukitutik ez zen inor libratzen, aberatsa nahiz pobrea izan, zaharra zein gaztea. Eta ez pentsa gero, beraren bizimoduaz eta tankeraz barre gutxiago egiten zuekin, giro hartan bizi baitzen gus-
tura, beti festa, zirika eta txantxa. Kontatzen dutenez, hil zenean San Inazioko parrokoak berak egin zuen hileta elizkizuna.
Parrokoak sarritan ematen omen zion arropa eta jatena ere, nahiz eta Zipotz oso elizkoi eta meza zale ez izan. Sermoikoan, parrokoa tonu latzez hasi omen zen esaten Zipotz ez zela Groseko pertsonarik ohoragarriena izan, ezta kristaurik eredugarriena ere. Jendea harriturik zegoen, nonbait, guztien lagun hura, hil eta berehala, hain gogor hartzen hari zelako. Eta apaizak, amaitzeko hala esan zuen: “Nolanahi ere, bazuen zerbait, askok beharko genukeena”.
Eta ondoren isilunea egin zuenez, jendearen belarriak gero eta tenteago jartzen ari ziren eta, azkenik, hala amaitu zuen: “Ariman festa zeraman, guztiokin hitz egiten zuen eta harentzat auzotar
guztiok ginen bere familia. Ea Jainkoak lehenbailehen bidaltzen digun beste Zipotz bat” Eta horregatik erabaki zuten Groseko batzuek auzoko jaiei haren izena ematea, jai-egun horietan auzoko jendea kalean elkarrengana lasai hurbil dadin, barruan loturik daramaten jai-gogoa kanpora atera dezaten, eta seriotasun itxuretatik eta sasi-bertuteetatik senda daitezen.
Jai batzordeak Zipotzen istorioa lau haizetara zabaldu zuenetik jende asko ibili da Legamigatik galdezka, hura bertan azaltzen ez zela eta harrituta. Zipotzekin hamaika bizipen bizitakoa zela zioten, eta hura bezain umoretsu, alai eta argia zela. Hori ikusita, Legamiren inguruko datu bilketa sakon bat egiteari ekin genion eta Zipotzekin batera, auzoko eguneroko bizitzan erreferente zela egiaztatu ahal izan dugu.
Dirudienez, gaur egun “baratza” kalea dagoen inguruan, garai hartan baratza ugari zegoen, Ulian behera zetorren errekaren inguruan. Inguru hartan eraikitako etxe batean jaio omen zen Legami.
Txofre deitzen zuten erreka hark, Txofreko garbitokietatik pasa (gaur egungo Baskonia enparantza), Flamenkoenea parean (gaur egungo Mirakruz 32) galtzara gurutzatu eta Urumearaino egiten zuen bidea.
1885. urtean, trenbidea eraiki zutenean erreka lurpean geratu zen, baina gaur egun Sana Catalina zubiaren ondoan, Txofre errekak Ulian behera zekarren ura Urumeara nola isurtzen den ikus dezakegu oraindik.
Artean neskato zela,oraindik hazten ari zen auzoko izen oneko familientzat umezain lanetan aritzen zen. Festa egunetan haurrak besoetan hartu eta hantxe ibiltzen zen, arin-arin dantzan eta kantuan. Ume elbarrituak ere eramaten zituen festara, nahiz eta garai hartan haiek familientzat lotsaren motibo izan. Alai ibiltzen zen haiekin ere eta horregatik inor gaizki esaka hasi ezkero zera erantzuten zuen: “eon ixilik aizu, honek zuk baino bizipoz haundiyagua du!”
Bere sendabelar eta ukenduei esker ere laster egin zen ezagun Legami, batez ere San Antonio Abad ospitale probintzialeko apaizari tripetako gaitza sendatu zionetik (Manteo bezala ezagunagoa
zen ospitalea 1960. urtean bota zuten). Jendeak kontatzen duenaren
arabera, harrezkero Legamik apaiza bidaltzen omen zuen sendabelar bila, Uliako Kutralla iturriaren ingurura, han baitzeuden belarrik onenak. Ondoren lagunekin kontu kontari zebilenean zera omen
zioen: “On Inaxiok biar duna zea den, ainbeste errezatziai utzi ta gorputzai pox pixkat ematia”.
Apaizak sermoietan ere Legamiri eskerrak ematen zizkionez haren izen ona azkar zabaldu zen inguruetan eta minik zuen orok harengana jotzen zuen erremedio eske. Legamik beti jartzen Kondizio berbera, erremedio bat ematekotan hura hartu eta gaixoak kalera joan behar izaten zuen paseatzera, eta batenbat etxean geratzeko intentzioarekin ikusten bazuen, gehienetan amonak, zera esaten zion:
“Amona, etxia eudiya ai duneako, bestela kalea, kalia osasuna da ta!” Ez zen harritzekoa Legami eta Zipotz festetan elkarrekin ikustea, Leizaola sagardotegian batez ere. Jendeak ezkontza eta gisa horretako ekitaldietara gonbidatzen zituen haien umoreaz eta bertso zorrotzez gozatzeko, elkar asko maite zuten arren, etengabe ikamika umoretsuan baitzebiltzan. Gainontzeko emakumeak, Legamik halako
lagun zarpaila aukeratu zuelako harritzen zirenean, honek Zipotz bezalako gizon alairik munduan ez zela erantzuten zien, inorekin ez zuela hainbeste barre egiten. Zipotz hil zenean, Legamik auzokide eta lagunak etxera gonbidatu eta egunsentirarte jan eta edanean ibili ziren. Ondoren Donostiatik desagertu zen. Ondorengo urtetan jendeak festa eta ekitaldi guztietan gogoratzen zuen hura: “Ai! Legami emen eongo balitz auzuan beste alegri bat izango genuke…”
Jendearen oroitzapen hauek kontuan izanda, Legamiren irudia, auzoko festetarako, zipotzenaren ondoan berreskuratzea erabaki dugu, jendeak osasuna eta laguntasuna bat direla gogora dezan eta adina, gaitzak eta beste edozein kezka ahaztu eta jaietan pri- meran pasatzeko!
Comments are closed.