Groseko jai batzordea

25 URTEZ AUZOAN BIZIPOZA ZABALTZEN

Zipotz jaiek 25 urte beteko dituzte aurten. Auzotar askoren lana eta babesari esker, urtez urte hazi egin dira jaiak, eta bidean izan dituzten traba guztiei aurre egitea lortu dute. Garai desberdinetan jaien antolakuntzan parte hartu duten auzotarrek euren esperientzia kontatu digute.

“Lehen urteak zailenak izan ziren, baina ilusio handia genuen”

-Mikel Etxeberria ‘Mikeloto’
Ez zen aitzindarietako bat izan, baina jaiak antolatzen hasi zirenen lekukoa hartu zuen Mikel Etxeberriak, 1993. urtean: “Auzo elkartetik deitu ziguten, orduan Aita Larroka kalean zegoen, eta jai batzordean jendea behar zutela esan ziguten. Jaiak hasi zituztenek aldaketa eskatu zuten. Jende dezente agertu ginen, eta denon artean urte hartako jaiak antolatu genituen. Arazoak izan genituen, jende gazte asko zegoen, eta askok ez genekien nola antolatzen ziren jaiak! Baina tira… Talde handi bat ginen, eta denok egin nahi genuen zerbait”.

Eta hala zen, denek denetik egiten zuten. Erratza pasa, eserlekuak eta agertokia jarri, programa egin… Nafarroa Behera plazan egiten ziren jaiak Etxeberria antolakuntzan hasi zenean: “Hau parking handi bat zen, merkatu zaharra zegoen hemen. Jaiak hasten zirenean auto guztiak kentzen ziren, eta noski horrek jende askoren haserrea pizten zuen”.

1994an jaiei izen bat jartzea pentsatu zuten: “Hainbat proposamen jarri ziren mahai gainean, eta urte hartan sortu genuen Zipotz pertsonaia, ikurrina eskuan zuela. Pegatinak, elastikoak eta pinak egin genituen Zipotzekin. Arrakasta handia izan zuen”.

Agertoki bat, bizpahiru txozna eta feriak jartzen zituzten: “Oraindik hasierako feriante berak jarraitzen du! Auzotar guztientzako jarduera pila bat antolatzen genituen. Txofre plazan ere jarduera asko egiten genituen. Hemendik harago ere saiatu ginen zerbait egiten, Usandizagan adibidez, baina ez zuen arrakastarik izan”.

Urtez urte abiada hartu duten jaiak izan direla uste du: ” Urtero buruari eragin eta imaginazio dosi handiekin gauza berriak egiten saiatzen ginen. Gero eta hobeak dira Zipotz jaiak”. Bere garaian jaiak egiteko oztopo handiak jartzen zizkietela azaldu du: “Traba asko jartzen zizkiguten baimena emateko. Eta batzuetan baimenik gabe egiten genituen. Udaltzainak etortzen ziren, feriak ixten zituzten, orduan matraka ematera joaten ginen udaletxera, eta azkenean baimena ematen ziguten. Lehen urteak zailenak izan ziren, baina ilusio handia genuen”. Sei urte eman zituen jai batzordean, eta egun ere laguntzaile gisa aritzen da. Xake txapelketa eta Ricardo tabernako Mus txapelketa antolatzen du beste auzotar batzuekin batera.

“Zuhaiztin egon ginenean sekulako kontzertuak eta parrandak egin genituen”

Irune Cano
Groseko Kimuak aisialdi taldearen bidez sartu zen jai batzordean, duela hogei urte, Mikel Etxeberriaren garai berean: “Aita Larrokako lokalean hainbat elkarte biltzen ginen, denok ezagutzen genuen elkar, eta azkenean jaien antolakuntzan sartu nintzen”. Kalez kale eta dendaz denda jaietako aldizkarirako publizitatea lortzeko lana gogoratzen du: “Jaiak hasi aurretik egin beharreko lana handia zen. Iragarkiak saldu, zozketatarako txartelak… Eta jaiak hasten zirenean, ba behar zen guztia egiten genuen. Egunero lan asko egiten genuen, ordu asko eta asko ematen genituen lanean”.

Atzera begiratzen duenean, auzoa asko aldatu dela nabarmendu du: “Jaietarako guneak garai hartan oso desberdinak ziren. Nafarroa Behera plaza eta Txofren egiten ziren. Auzoa aldatzen hasi zen, eta jai batzordetik ere jaiak zabaltzearen aldeko apustua egin zen; hasieran bazirudielako bakarrik Txofreko jaiak zirela. Lau katu ginen mila gauza egiteko, eta gainera auzoko gune desberdinetara iritsi nahi genuen. Kamikaze moduan ibiltzen ginen!”.

Zuhaiztiko gunean izan zireneko urteak gogoratzen ditu Canok: “Sekulako kontzertuak eta sekulako parrandak egiten genituen. Nolabait ezkutuan geunden, etxeak ez genituen horren gertu… Ez genuen arazorik berandu bukatzeko”. Garai hartan musika talde txukunak eta ospetsuak ekartzeko apustua egin zen jende gehiago erakartzeko Groseko jaietara, eta kontzertuek ospe handia hartu zuten: “Kontzertu potenteak egiten genituen, eta parranda ere bai noski, jendea bertan gera zedin. Hiru edo lau urte eman genituen Zuhaiztin”.

Jaiak berriz ere Groseko erdialdera itzuli zirenean, ordea, ordutegiak modu zorrotzean bete behar zituzten: “Auzo erdira gindoazen kontzertuak egitera, eta udaletik oso zorrotzak jarri ziren. Orduan eguneko egitaraua indartzen hasi ginen”.

Jaiak urtez urte asko aldatu direla uste du Canok, eta urtez urte egitarau mota eta jaien kokalekua bera ere aldatu behar izan dela nabarmendu du. Duela gutxi arte laguntzaile gisa jarraitu du, eta orain jaietako asteburuan egitarauko jarduerez gozatzera etortzen da: “Orain ziztu bizian pasatzen zaizkit jaiak. Jada ez nago auzoko giroan, eta astean zehar ez dut parte hartzen, eta asteburua di-da pasatzen zait. Lehen antolatzaile nintzenean hasi eta buka disfrutatzen nituen. Orain motz geratzen zaizkit”.

“Niretzat festak sakratuak dira”

Haizea Bernas
Txikitatik ezagutu ditu Zipotz jaiak, eta betidanik izan du auzo sentimendua: ” Ez nuen Grosen ikasten eta kuadrilla ez nuen Grosekoa, baina Grosekoa sentitu naiz beti. 16 urterekin asko ibiltzen nintzen Gaztelekuan. Jai batzordearekin elkarlanean jarduerak antolatzen zituzten festetan. Behin etorri ziren jaietarako gazte eske. jende berria behar zutela etabar… Animatu nintzen, zehazki zer zen jakin gabe, eta 2006tik 2012a arte bertan izan nintzen”.

Auzoa eta festak oso garrantzitsuak ziren Bernasentzat: “Lortu nahi ditugun helburuei begira, festetatik asko egin zitekeela pentsatzen nuen. Ilusioz bizi nituen, giro euskaldun eta herrikoi batetik hasita, beste hainbat helburu askoz errazago lortuko genituela sinisten nuen. Egia da inguru honetan zerbait alternatiboa zirela Zipotz jaiak, eta identifikatua sentitzen nintzen. Lan askoko urteak izan ziren, baina emaitza ikusita, merezi zuen”.

Legamiren sorrera bizi zuen antolakuntzatik, eta baita jaiak antolatzeko modu berri bat ere: “Alexek zeraman denbora gehien auzo elkartean, eta berarengana jotzen genuen dena egiteko. Alexi lan karga kentzeko, eta inor funtsezkoa ez izateko, denen onerako, lan taldeak sortzen hasi ginen. Bakoitzak ardura zehatz bat hartu zuen”. Jai euskaldunak, herrikoiak eta parekideak egiteko apustua ere indartu zuten: “Donostiako musika taldeak ekartzen saiatzen ginen, euskararen presentzia bermatu, parekidetasuna… Beti saiatu gara irizpide horiek betetzen. Gure esku zegoen guztia egiten genuen hori lortzeko”. Karmengo jaiekin ere jada ohitura bihurtu den senidetze ekitaldia egiten hasi ziren orduan.

Utzi zuenetik, jai batzordean eman den belaunaldi aldaketa asko sumatu duela azaldu du, eta aberasgarria dela uste du. Sei urteren ondoren utzi zuen jai batzordea: “Eman beharrekoa emanda nuela iruditu zitzaidan, eta nahiago nuen jende berria sartzea. Neure onerako eta jaien onerako ere hartutako erabakia izan zen”. Halere, ez du hutsik egiten Zipotz jaietan: ” Festak sakratuak dira niretzat, eta Zipotz jaien progapaganda handia egiten dut”.

“Jaiak zeureak ere badirela sentitzen duzunean, munduko jairik onenak bihurtzen dira”

Alex Martinez
Jai batzordean urte gehien egin dituen auzotarra da. Zipotz ere deitu izan diote, Zipotzen pertsonaiaren larruan sartzea egokitu zitzaiolako. Nola hasi zen festen antolakuntzan? Nerabe zela, jaietan egin zuten goitibehera jaitsiera batean parte hartu zuen: “Laguntza behar zutela ikusi nuen, eta antolakuntzan parte hartzera gonbidatu ninduten. Antolakuntzan parte hartzera gonbidatu ninduten eta jada 18 urte egin ditut lanean”.

Zipotz jaiak auzoko kuadrilla batzuek hasi zituztela azaldu du Martinezek: “Zipotz jaiek ez dute santurik. Auzoko gazte batzuek jaiak egiteko ideia partekatu zuten auzo elkarteko Tomaz Gaztelurekin, eta horrela hasi ziren. Zipotz jaiak baino lehenago, San Ignazio jaiak antolatzen zituen Umore Ona Elkarteak, Santiago jaiak ere egiten zituen elkarte batek, Usandizaga inguruan ere egiten ziren, eta baita Saguesen ere. Baina horiek ez ziren auzoko jaiak. Egia da San Ignazio jaiek indar handia izan zutela auzoan, eta Groseko jaitzat hartzen zirela, baina pixkanaka indarra galtzen hasi ziren; gastronomia elkarteak geroz eta kultur ekitaldi gutxiago egiten hasi zirelako. San Ignazioetako danborrada geratu zen bakarrik. Orduan Zipotz jaiak sortu ziren. Hasieran San Ignazio jaiekin nahasten ziren, baina pixkanaka Zipotz jaiak hazten hasi ziren”.

Jaiek egin duten 25 urteko ibilbidean, Gros asko aldatu dela azaldu du Martinezek: Langile auzo izatetik erdiguneko auzo izatera pasatu da. Plazak berritu dira, eta hainbat gune ere bai. Urte askoan ez genekien non egingo ziren jaiak. Egon gara Manteon, egon gara Nafarroa Behera plazan, egon gera Saguesen, Zuhaiztin… Zuhaiztitik pasa ondoren, gure borroka izan zen gure jaiak Gros erdialdean egitea. Azkenean lortu genuen akordio batera iristea eta Katalunia plazan geratzea”
Hasieran jaien erdigunea Txofre plaza izan zela dio: “Feriak eta txoznak Nafarroa Behera plazan jartzen ziren. Handik Zuhaiztira, eta gero Katalunia plazara, behin Saguesen egin behar izan genituen, eta berriro itzuli ginen Katalunia plaza berrira. Behin Manteora igo ginen, Nafarroa Beheran lanak hasi zirelako. Ni oso txikia nintzen baina gogoan dut La Polla Records-ek jo zuela”.

Momentu berezi asko gordetzen ditu Martinezek: “Jaiek asko eman didate. Jai batzordearen bidez jende asko ezagutu dut eta oso une politak bizi izan ditut. Balio batzuk ikasi ditut, eta horiek nire bizitzan mantendu ditut. Konpromisoarena, auzolanarena, boluntario lana egitearena… Tentsio handiko momentuak ere izan direla aitortu du: “Jende asko mugitzen dute jaiek, eta erantzukizun bat duzula sentitzen duzu. Urtero, eta azken momentuan tirabira asko izan ditugu udalarekin, baimenen gaiarekin. Pixkanaka erakutsi genuen gauzak ondo egiten genituela”.

Aspaldi egin ohi zen kuadrillen jaitsiera gogoratzen du Martinezek: “Gazte Asanbladak antolatzen zuen. Hirina eta arraultzak botatzen genituen, eta borroka moduko bat egiten genuen. Ikuskizun hutsa zen hura!”.

Garrantzitsuena jendeak jaiak bere egitea dela uste du Martinezek: ” Antolatu ditzakezu mila gauza, eta ekar dezakezu U2 Grosera, baina horrekin ez dituzu munduko jairik onenak egiten. Jendeak parte hartzaile aktiboa dela sentitu behar du, horrela, jaiak zeureak direla sentitzen duzulako, eta horiek dira jairik onenak”.

Aurten Zipotz jaietan bi pertsonaia berri izango direla azaldu du: “Sorgin bat eta aker bat izango dira”. Azken urteetako filosofia berari eutsiko diote aurten: “Jai batzordeak koordinatzen ditu ekitaldi pila bat, baina auzoan badira eragile eta elkarte pila bat. Eta horiek ere ekitaldiak egingo dituzte: Groseko Xake Taldea, Groseko Indarra surf taldea, tabernak… Programa zabala eta polita osatu dugu denon artean. Aurten egitarau izugarria egin dugu”.

Nerea Lizarralde

Go to Top