Andoni Galdos, Gross garagardoaren sortzailea
“Gure Garagardoa Donostian egiteko fabrika bat irekiko dugu laster”
Proba asko egin ondoren, gustuko garagardoa egitea lortu zuen Andoni Galdosek (Gros, 1981). Hiru urte dira Gross sortu zuenetik, eta artisau garagardoak harrera bikaina izan duela kontatu digu. Uda igaro ondoren, pauso garrantzitsu bat ematera doala aurreratu digu: Gross Donostian ekoizteko fabrika bat irekiko du. Bertakoa eta artisaua izango da laster. Eta orain udarako zer? Bada, garagardo berri eta freskoak! Zipotz jaietako txosnetan dastatu ahal izango duzue.
-Nola sortu zenuen Gross garagardoa?
Duela hiru urte hasi nintzen nire kabuz lanean. Garagardo zalea naiz, eta gustuko garagardoa egitea lortu nuenenean ekin nion proiektu honi. Betiko lagun batek, Imanol Costasek, diseinua egin zuen. Berak Aitor Azurki ezagutzen zuen, eta aurkeztu egin zidan. Komunikazioan egiten du lan. Eta horrela elkartu ginen hirurok.
-Nolako harrera izan du garagardoak?
Hasieratik oso harrera ona izan zuen. Gu geu joaten ginen tabernaz taberna, garagardoa eskaintzera, eta ia denek baietz esaten ziguten. Salmenten bolumena igo ahala, banaketa enpresa baten bidez egiten hasi ginen. Motorrarekin edo neskalagunaren autoarekin ibiltzen ginen banatzen, eta horrela ezin ginen ibili! Salmentak hirukoiztu egin dira urtetik urtera.
-Proiektua hasi zenuenean, Gross hemen egin ahal izateko fabrika ireki nahi zenuela adierazi zenuen.
Ametsa egia bihurtuko da, gero eta gertuago dago. Orain arte nomadak izan gara. Hasi ginen Valentziako lagun batzuekin. Ondoren, Berriozarren, eta orain Valentziakoekin berriz kolaborazio batzuk egiten ari gara, Berriozarren ez dugulako aukerarik gauza bat egiteko. Oraintxe bertan fabrika irekitzeko lokal bat ikustera joan naiz. Udara konplikatua da fabrikarekin hasteko, lan asko dugulako. Baina lokalak ikusten, aurrekontuak eta zenbakiak egiten hasiko gara. Crowdfunding bat egingo dugu babesa lortzeko. Negurako prest egon nahi dugu, eta ea urtarrilerako hemen ekoizten hasten garen. Kristorena izango zen fabrika Grosen jartzea, baina ez dago aukerarik. Udalak ere ez ditu erraztasunak ematen horrelako proiektuak aurrera eramateko. Oraingoz Igaran begiratzen ari gara.
-Zein aldaketa ekarriko du garagardoa hemen ekoizteak?
Produktuaren kontrol handiagoa izango dugu. Ekoizpen prozesu osoa gertutik jarraitu dezakegu, eta askatasun handiagoa izango dugu guk nahi dugun erara antolatzeko, eta guk nahi ditugun gauzak egiteko. Askotan beste fabrikek duten tokiaren arabera ekoiztu behar izan dugu, eta horrek asko moteldu du gure hazkundea. Ez dugu aukerarik izan behar genituen litro guztiak ekoizteko. Gainera fabrika lortzen dugunean, aukera izango dugu Donostiako jendea bertara joateko. Zipotz jaietakoekin zerbait egiteko elkarlanean. Jendeak garagardoa dastatzeko aukera izateko, edo ikastaroak egiteko.
Gross ez da inoiz garagardo kapitalista izango”, esan zenuen elkarrizketa batean.
Bai, garagardo komertzialen eta garagardo artisauen arteko desberdintasuna azpimarratu nahi genuen, zein alde dagoen ikusteko. Garagardo industrialak negozio bat dira, dirua egiteko egiten dira. Hau ere dirua egiteko egiten da, baina beste modu batean. Produktua ahalik eta onena izatea da gure helburua; eta ez ahalik eta merkeena egitea. Guk ez dugu publizitatean inbertitzen, lehengaietan inbertitzen dugu, ahalik eta garagardorik onena egiteko.
-Zergatik artisau garagardoa?
Jendea animatuko nuke Gross eta bestelako artisau garagardoak probatzera. Ausartu daitezela. Dexente garestiagoa da, baina apustu bat egin behar duzu. Denetik probatu behar da. Guk pila bat atera ditugu. Hamabi bat izan ditugu merkatuan. Udan ere garagardo berriak egingo ditugu. Eibarko Ez Dok taberna rockeroarentzako garagardo bat egin dugu; beste bat Parte Zaharreko Akerbeltz tabernarentzat; laranja duen garagardo bat ere egin dugu. Hiruzpalau berri egingo ditugu. Udan freskoagoak egiten ditugu, eta neguan gradu gehiagorekin, ilunagoak.
-Lehen egiten ziren garagardoak hobeak al ziren?
Hemen ez dugu inoiz garagardo kultura handirik izan. Baina, lehen, herri guztietan garagardotegi txikiak zeuden, eta bakoitzak bere produktua egiten zuen. Industrializazioaren ondoren, multinazionalak sartu ziren, eta marka guztiak erosten hasi ziren. Beste batzuk desagertu egin ziren handien aurkako lehia horretan. Beste herri batzuetan ez da horrenbesterako izan, eta mantendu dira. Ingalaterran, adibidez, kultura handia dago. AEBetan ere bai. AEBetako lehen presidenteak garagardogileak ziren. Etxean zerbeza egiteko kultura oso errotuta zegoen, eta trazidio hori berreskuratzen hasi ziren.
Auzoko garagardo gisa deskribatzen duzue Gross. Madrilen ere izan zineten auzoko garagardoen inguruko jardunaldi batean.
Gu Grosekoak gara, beti Grosen ibiltzen gara. Bertakoaz harro gaude, eta ideia hori helarazi nahi genuen. Izena ere auzoarena du. Bueno bi ‘s’ jarri genituen, iruditzen zitzaigulako motza geratzen zela. Ingelesez nazkagarria edo gehiegizkoa esan nahi du, eta asko gustatu zitzaigun.
Nerea Lizarralde
/ IRUTXULOKO HITZA.
Unai Otxoa Oiarbide
Zabaleta kaleak eskaintza ugari larunbatean
Auzoko jaietan kaleari beste giro bat emateko gogoz elkartu ziren Zabaleta kaleko hainbat taberna eta komertzio.
Unai Otxoa Oiarbide. Kirolmusik dendako jabea eta Zabaleta kaleko egitarauaren antolatzaileetako bat.
-Zer antolatzen duzue jaietan?
Jaietako larunbatean egun osoko egitaraua antolatzen dugu. Goizetik hasita, dendek beren gauzak kalean jartzen dituzte eta musika izaten da kalean egun osoan zehar. Goizean umeentzako jolasak eta tailerrak antolatzen ditugu eta gero dj ezberdinak egoten dira eguerdira arte. Ondoren elkarrekin bazkaltzen dugu eta bazkari ostean Casa Galiciako gaita joleak ateratzen dira. Arratsaldean arropa denda eta ile apaindegien artean moda desfile bat antolatzen dute eta hortaz gain musika gehiago izaten dugu eta eguna bukatzeko kontzertua egiten dugu. Kontzertua amaituta paella herrikoi bat egiten dugu guztiontzako.
Aurten berrikuntza bezala haurrentzako ipuin kontalari bat izango dugu, margo-akademia batek haurrek marrazteko tailer bat antolatuko du eta Skoobi two dendak apaingarri tailer bat egingo du. Gauza ezberdinak prestatzen ari gara, eta euria egingo balu, plan alternatibo bat ere badugu. Iaz dena nahiko ongi atera zen, eta eguraldiak ere lagundu zigun, eta Zabaleta kaletik kanpo dauden komertzioei ere gonbidapena egin nahi diegu gurekin parte hartzera.
Eta dena auzolanean egiten dugu.
-Nortzuk hartzen duzue parte antolaketan?
Zabaleta kaleko lehen zatian (Katalunia plaza pasata, Berminghan kaleko bidegurutzeraino) gauden komertzio eta taberna guztiek parte hartzen dugu. Itxas Gain eta Casa Galicia elkarteak, Gehituk eta baita bertan dagoen “hostal” batek ere. Eta Zabaleta kaletik kanpo dauden pare bat komertzio ere gehitu zaizkigu aurten.
-Nola sortu zen ideia? Zergatik?
Kalea jaien parte izatea nahi genuen. Katalunia plaza oso gertu daukagu, parte hartzeko gogoa geneukan eta baita kaleari beste giro bat ematekoa ere. Horrela, bertako dendari, tabernari eta elkarte batzuk bildu eta konturatu ginen denok gure artean elkar ezagutzen ginela baina ez genuela egun bat elkarrekin egoteko, kalean egoteko, eta horren harira sortu zen ideia. Antolatzen ditugun gauzak, egunean zehar egitekoak dira eta gauean bakoitza berera joaten da, normalean Katalunia Plazako kontzertuetara.
Bizilagunak ere informatzen ditugu antolatuko dugunaren inguruan eta gurekin parte hartzera gonbidatzen ditugu.
-Beharra ikusten zenuten?
Beharra baino gehiago, tabernari eta komertzio bezala ikusten genuen batez ere ez genuela lotura bat, ez gure artean ezta jaiekiko ere. Honek lagundu du jendea gerturatzen eta gure artean ere gehiago ezagutzen.
-Zer uste duzue eskaintzen diezuela jaiei? Eta auzoari?
Nik uste dut eskaintza ezberdin bat dela, komertzio txikiak gara eta lan egiten dugunak komertzioaren jabeak izaten gara normalean. Horrek beste puntu bat ematen diola iruditzen zait. Sortzen den giroa ezberdina da eta urtean behin bada ere, kalea itxita edukitzea eta jendeak ondo pasatzea eskaintzen dugu, kaleari beste itxura bat emanez.
-Zer da jaietan gehien gustatzen zaizuena?
Egia esan, dena. Egun horretatik batez ere sortzen den giroa. Eta Zipotz jaietatik orokorrean, ba ez dela leku bakar batean lokalizatzen. Irekia dela eta kolektibo ezberdinak nahasten direla gauzak egiten eta hori interesgarria da. Ona da guztion artean jaiak dinamizatzea.
KORTXOENEA
Zipotz Jaietan parte hartzeko eraikinik behar ez duen taldea
50. Hamarkadan, Indianoene kaleko kortxo eta txapa fabrika ospetsuak, gainbehera egin zuen, honen jabea hil ondorengo urteetan. Garai hartan, eraikinak maiz pairatu zituen suteak direla eta, erabat utzi eta ahaztua geratu zen 1983. urtean, Zurriola Ikastolak erosi zuen arte. Ikastolak, antzerki areto bilakatu zuen guraso eta irakasleen auzolanari esker. Fabrika zaharkitu hark, kultur gune kutsua hartu zuelarik. Duela urte gutxi batzuk, Zurriola handitzeko lanak aurrera eraman ahal izateko, Indianoene kaleko eraikina promotore bati saldu behar izan zion arte.
Urte hauetan zehar, gunea hutsik eta erabat utzita geratu zen. Espekulaziora bideratua. Hori dela eta, hainbat sute jaso ziren bizilagunen eta eraikinaren kaltetan.
Errealitate hau ikusirik, Gros auzoko gazteok eraikina berreskuratzea erabaki zuten. Haien esanetan: “Gaur egungo, Donostia elitista, diruzale eta hipokritaren mugetatik at dagoen eremu aske bat eraikiz. Bere lege, jende eta kultura propioarekin. Kortxoenea beraren mugetan indartu, hazi eta kanpora hedatzeko asmoz. Urratsez urrats, hain beharrezkoa dugun mundu berri horren sorreran”.
Ekainean lanean hasi zirenetik, eraikina konpondu eta atontzearekin batera hainbat izan dira Kortxoeneak bultzatu dituen ekimenak. Hala nola, antzerki, bertso saio, kontzertu, hitzaldi, poesia errezitaldi ,tailer eta proiektu zerrenda luze bat.
Funtsean, Kortxoenea Gaztetxeak, guztion bizitza askatzen duen alternatiba kultural, sozial, politiko eta kolektiboak garatzea ahalbidetzen duen gune aske, autogestionatu eta asanblearioa da.
Kortxoeneari buruz gehiago jakiteko asmoarekin, Groseko honako hiru gazte hauei egin diegu elkarrizketa: Ane Balzola, Itziar Galparsoro eta Amets Artelazki.
-Zer da Kortxoenea zuentzat?
Kortxoenea duela bost urte baino gehiago okupatu zen; aurreko urtean bete zituen bost urte, bota zutenean hain justu ere, beraz, badira ia sei urte Groseko Gazte Asanbladak okupatu genuela. Helburua orokorrean, Euskal Herrian gaztetxeek izan duten helburu bera betetzea izan zen; auzoan, adin guztietako jendeari eremu bat ematea, “nahi duten guzti hori” egin ahal izateko espazio bat eskaintzea, kontzertuak edo tailerrak adibidez. Egunerokotasunean erabilera emateko moduko gune bat izatea zen asmoa.
-Zein esparrutan izan du eragin gehien?
Guk esango genuke, kulturan izan duela eraginik indartsuena, erreferentzialtasuna alor horretan izan du bereziki, azken batean hori izan da bere ibilbidea. Hau oinarri hartuta, funtzio garrantzitsua izan du Groseko gazteriarentzat. Gutxienez, guri aspektu horretan eragin digu, gure gaztetasunean. Auzolanaren bitartez, indarrak batuz, gauzak sortzeko eta aurrera eramateko gai garela ikusi ahal izan dugu. Gizarteak egin ezin duzula esaten dizun guzti horri buelta eman, eta era xumean bada ere, proiektuak gauzatzeko boterea dugula erakutsi digu. Autogestioa eta Auzolana izan dira Kortxoenearen oinarriak; bizikletak konpontzeko tailerretik Baratzeko pikuak-era, kontzertuetatik poesia errezitaldietara. Dena sortu da auzoko jendearen indarraren baturaz. Eta hori da hain zuzen eraitsi nahi izan dutena. Mundua eraldatzeko gune bat bota nahi izan dute.
-Kortxoeneak hasieran sortu zizuen ilusioa eta zuek kontatu diguzuen bezala, gauzak egiteko gai zinetela demostratzeak eragiten zizuen poza, nola konparatu daitezke, ondoren desalojoak eragindako sentsazioekin?
Guk uste dugu desalojo egunean, inor ez zela gai izan sentimenduak adierazteko. Azken batean, eremu bat besterik ez bazen ere, lan handiz eta ilusio oraindik gehiagoz sortutakoa izan zen Groseko Gaztetxea. Eta ukaezina da, gauza mordoa sortzeko aukera ematen zituela. Horrek ere amorrarazten du. Gizarteari onurarik eragingo ez dion espekulazio hutsagatik kendu ziguten gaztetxea. Gaur egun gainera, epaiketetan jarraitzen dugu, kaleratzea ilegala izan zelako, eta obra denek geldirik jarraitzen dute, horren bitartean, lehen amets egiteko eremu bat zen hori, orube bat besterik ez delarik. Berriz ere espekulazioari, bankuei, promotorei eta dirudunei eman zaie eskua Kapitalaren Donostian, herriari kalte eginez. Kasu honetan Groseko gazte eta ez hain gazteen artean eraikitako proiektua txikituz. Zortea dugu, gure proiektuak ez baitira eraikin batetara mugatzen.
-Nola ikusi da gaztetxea auzoan, ze funtzio bete du bizilagunei begira?
Gure ustez auzoarentzat osagarri bat izan da. Nahiko auzo handia da, dezente gazte jende dagoena, nahiz eta kopurua jaisten ari den aipatutako espekulazioaren ondorioz, eta gure iritziz, jende honentzako egunerokotasunetik ateratzeko zerbait izan da. Egia da eragin gehiago izan duela sektore batzuetan edo eremu konkretu batzuetan. Agian Uliaren magalean izan du eragin handiena, azken batean, bertako bizilagunekin izan baitugu harremanik estuena, era zuzen batean eragiten zielako. Harreman estua hau sortzeko lanketa egin genuen.
-Kortxoeneak hartuko al du parte aurtengo Zipotz Jaietan?
Kortxoeneak beti hartu du jaietan parte, egitarauaren prestaketan bertan, adibidez. Beraz, Jai Batzordearekin ere lotura zuzena izan du beti. Aurten, nahiz eta gaztetxe fisikorik ez eduki, parte hartzen jarraituko dugu. Karpan egongo gara, giro polita egongo dela bermatzen. Hau da, nahiz eta eremu fisikorik ez izan, auzoan parte hartzen eta eragiten jarraitu nahi dugu, Kortxoenean parte hartu dugun jende guztiak, Grosen egoten jarraitzen dugulako eta bertan eragiten jarraitu behar dugula sentitzen dugulako.
-Gaur egun, nola dago egoera? Udaletxearekin elkarrizketa batzuk egon dira, eta zertan dago egoera?
Gu beti saiatu gara, udalak aukera eman digun guztietan, egoerari irtenbide bat lortzeko helburuarekin haiekin elkartzen. Baina, udaletxeak ez du egoera konpontzeko benetako borondatea erakutsi. Argi dago, gu haientzat traba bat ginela, bai beren gizarte ereduarekin talka egiten genuelako eta nola ez, promotora bat oztopatzen ari ginelako.