Mikeloto Etxeberria eta Tito Altuna
“Zerbait izan nahi duen auzo batek jaiak behar ditu”
Zipotz jaien sortzaileetako bi dira Mikeloto Etxeberria eta Tito Altuna. 1990eko hamarkadan hasi ziren antolatzen, eta oraindik ere jai giroan guztiz murgilduta egoten dira.
-Nola hasi ziren Groseko jaiak?
Mikeloto Etxeberria: Ni oraindik ez nengoen barruan, baina 1991. urtean hasi ziren jaiak. Mikel Sala, Fidel Cañardo, Tito Altuna eta El Casero hasi ziren, Josu Goitia ondoren sartu zen, eta ni 1993an sartu nintzen jai batzordean. Baina sartu aurreko bi urteetan, auzoko gazteekin kuadrillak sortzen joan ginen, eta jaietan laguntzen genuen lan desberdinak egiten. 1993an, gu sartu ginenean, Titok eta Josu Goitiak izan ezik, hasierako guztien batzordea utzi zuten.
Tito Altuna: Groseko Umore Onak elkarteak jaiak egiten zituen garai hartan San Ignazio egunaren bueltan –oraindik danborrada egiten dute–, baina guk erabaki genuen gazteentzako zerbait egin behar genuela. Saltsa hartan sartzen hasi ginen, eta askotan uzteko zorian egon ondoren, jarraitu genuen eta jaiak atera ziren.
-Datari dagokionez, hasieratik aukeratu zen uztaileko hirugarren astea?
T.A.: Lehenengo urtean arazo larri bat izan genuen. Ez ginen gogoratu uztailaren 18an Francoren altxamenduaren urteurrena zela, eta egun hartan hasi genituen jaiak, danborrada jotzen. Alderdi politiko nazionalista jakin batekoak etorri zitzaizkigun, eta errieta egin ziguten.
-Zergatik jarri zenieten jaiei Zipotz izena?
M.E.: Hasieran ez ziren Zipotz jaiak, Groseko jaiak baizik. Jaiak irudikatuko zituen pertsonaia bat aukeratzeko lehiaketa bat egitea erabaki genuen. Hainbat marrazki aurkeztu ziren, animaliaren baten marrazkiren bat ere, baina azkenean Zipotz aukeratu genuen eta ikurriña bat jarri genion.
-Nola aldatu dira jaiak?
M.E.: Lehen udalak ez zuen ezer jartzen. Agertokia, esaterako, gurea zen, eta jartzeko oso zaila zen. Olana zikin batzuk hartzen genituen, eta agertoki txiki bat jartzen genuen Txofre plazan eta beste agertoki handiago bat Nafarroa Beherea plazan zegoen aparkalekuan. Hango auto guztiak kendu behar genituen horretarako, eta bizilagunekin liskarrak izaten genituen. Askok ez zuten nahi jaiak hor egitea, eta denetarik esaten ziguten.
Barrakak ere Nafarroa Beherea plazan jartzen genituen, eta Alberto Hondarribi ferietako saleroslea etortzen zen. Gaur egun 68 urte ditu, eta oraindik ere etortzen da, bera da barrakak eramaten dituena.
T.A.: Ona izan zen Odon Elorza alkate zenean behin gertatutakoa. Nafarroa Beherea plaza obratan zegoen, eta ez ziguten jaiak hor egiten utzi. Beraz, Manteora joan behar izan genuen.
M.E.: La Polla Records taldea ekarri genuen Manteora. Bizilagunek ez zuten hor jotzea nahi, “eskandalu bat” izango zelako, eta kuadrilla batek jo nahi izan ninduen.
T.A.: Han bizi zen ehiztari bat eskopetarekin jaitsi zen. Bere ama ohean omen zegoen eta, “zerbait gertatzen bazaio hilko zaituztet”, esaten zigun.
M.E.: Manteokoa mundiala izan zen eta auzo guztietako jendea etorri zen. Hurrengo urtean oraindik obrak ez zeuden bukatuta, eta Saguesera joan ginen, ezin genuen Manteora itzuli [barreak]. PILT eta Su Ta Gar etorri ziren urte hartan.
-Noiz hasi zen Euskal Jaia egiten?
M.E.: Katalunia plazan hasieran Euskal Jaia Eguneko karpa jartzen zen, baina gero Txofrera pasa genuen. Gaur egun Katalunia plazan egiten da, berriz ere. Auzoko jende guztia ateratzen da kalera egun horretan, egun bereziena da. Betidanik egin izan den zerbait da, baina leku desberdinetan egiten joan gara. Izan ere, jai on batzuk egiteko arazo nagusia leku falta zen hasieratik.
-Non egiten ziren kontzertuak hasieran?
T.A.: Lehen kontzertuak Txofre plazan egin ziren. Ordutegiengatik taldeari gelditzeko esaten genion, baina ezetz esaten zuten, beraiek ordainduko zutela isuna, ez zitzaiela axola.
M.E.: Gerora ondorioztatu genuen Txofre plaza berbenak egiteko egokiagoa zela, kontzertu handiekin oihartzun asko sortzen baitzen plaza honetan. Horregatik, Katalunia plazan obrak egin zirenetik (behintzat udalak espazio hori egin zigun) han egiten dira jaiak eta auzoko gainontzeko ekitaldi guztiak.
-Hasieran baimenik gabe egiten zenituzten jaiak?
M.E.: Paperak udalean zeuden, baina garai hartako zinegotziak, Patxi Belokik, ez zituen sinatzen. Hala ere, guk jaiak egiten genituen, eta udaltzaingoa etortzen zen barrakak ixtera. Udaletxera joaten ginen eztabaidatzera denak, eta azkenean Belokik sinatzea lortzen genuen.
T.A.: Lehenengo urtean traka handi bat bota genuen, eta salaketak jarri zizkiguten bizilagunek. Mirari bat izan zen epaitegietan ez bukatzea [barreak].
Mikeloto: Soinurik gabeko jairik ez dago, eta zerbait izan nahi duen auzo batek jaiak behar ditu.
-Orain zer egiten duzue zuek jaietan?
M.E.: Gure adinarekin, xake taldearekin ibiltzen gara jaietan. Eli Argandoñarekin Txofre plazan jartzen ditugu jolasteko mahaiak. Xake partidak bukatzen direnean, sari banaketa egiten dugu, eta Titok eta nik Elena Altunak egindako patata tortilla on batzuk eta edari batzuk ekartzen dizkiegu. Tortilla usaintzen dutenean, zuzenean etortzen dira gazteak.
T.A.: Etorkizuneko jenioei jaten eta edaten ematen diegu [barreak].
M.E.: Mus txapelketa ere guk antolatzen dugu. Garai batean Pagadi tabernan egiten genuen, gaur egun Pandora dena, baina orain Ricardo tabernan egiten dugu. Izan ere, jabeak sariekin kolaboratzen du, eta asko lagundu gaitu.
-Jaietan ere egoten zarete?
T.A.: Ez gara gazteak ginenean bezain beste egoten, gorputzak ez digulako uzten. Baina edozer gauzatan laguntzen saiatzen gara.
M.E.: Trago batzuk ere hartzen ditugu. Nire kuadrillarekin gehien egoten naizen lekuan Euskal Jaian da. Betidanik ezagutzen garen batzuk elkartzen gara, eta marmitako lehiaketan bazkaltzen dugu. Gure bikotekideei belarritako batzuk erosten dizkiegu urtero artisauen postuetan, oparitxo bat egin behar zaie! Horren ondoren, kopa batzuk edaten ditugu eta parranda pixka bat egiten dugu. Nik uste dut egun hori auzokoentzat dela, jaietako lanak ondo egin ondoren erlaxatzeko. Azken egun hori beti jaietako hoberena izan da niretzat.
-Grosekoak zarete betidanik?
M.E.: Betidanik gara Grosekoak, bai.
T.A.: Jaietako lehenengo urtean erabaki genuen ez ginela ‘Groseroak’, ‘Grosenseak’ baizik, eta ‘Grosense’ jartzen zuen zapi bat eraman behar genuen. Gainera, ‘grosero’ esateak zikina zarela ematen du gaztelaniaz, eta ni ez naiz batere zikina, egunero dutxatzen naiz eta!
-Nola ikusten dituzue jaiak gaur egun?
M.E.: Etorkizuna dute. Hasieran ez zen giro asko egoten. Txupinazora, esaterako, ez zen jende asko etortzen, eta gaur egun betetzen da. Horrek esan nahi du jaiek bere lekua egin dutela auzoan.
T.A.: Bitxikeria bat kontatuko dut. Iaz haur bat ikusi nuen bere gurasoekin Ipotx tabernaren inguruan, txaranga jarraitzen. Jaietako pegatina erori zitzaion, eta ezin izan zuen berreskuratu. Umeak pegatina nahi zuela ikusita, Ricardo tabernara joan nintzen, sei pegatina hartu nituen eta haurrari eman nizkion. Zipotzen irudia maite zuela ikusten zen bere begietan, eta liluratuta utzi ninduen.
-Nola ikusten duzue Gros auzoa?
M.E.: Asko aldatu da. Jende asko ibiltzen da auzotik, eta giro ona egoten da. Gainera, jarduera ugari antolatzen dira Grosen, beti dago zerbait.
T.A.: Neska gazteek indar asko ekarri zuten, aire freskoa ekarri zuten; gauzak egiteko modu berri bat. Hasieratik ikusi genuen belaunaldi berri bat zetorrela. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu dena bertan behera uzteko gogoa izatea, hainbat zailtasunei aurre egin behar izan diegulako, baina gero denon indarrez aurrera egiten genuen, eta neska horien etorrerak hori indartu zuen.
Mojineskak
“Mojitoak egiten ditugunetik auzoko jaietan parte hartze handiagoa dugu, eta gure ekarpena egitea lortu dugu”
Azken urteetan, jaietako ostiralean, Txofreko enparantzako kontzertuarekin batera mojito festa egiten da. Edari gozo hau prestatzeaz arduratzen diren koadrilako Nora Goddi eta Naiara Garbayorekin elkartu gara, hauek pixka bat ezagutzeko aitzakiarekin.
-Nortzuk zarete?
Izatez Groseko koadrila bat gara mojitoak egiten ditugunak, baina oso talde irekia gara. Urtero aldatzen doan taldea da. Gutako batzuk urte batzuetan egoten gara eta beste batzuetan ez, urtero-urtero daukagu pertsona berriren bat gurekin mojitoak egitera animatzen dena. Naiz eta nukleoa Grosekoa den, oso talde anitza da. Taldeari izena jarri diogu, Mojineskak.
-Nola hasi zineten Mojitoak egiten?
Guk askotan egin izan ditugu mojitoak guretzat, edozein lekutan etxean zein kalean. Porrontxoetan, urte batean, lagun batzuen etxeko inaugurazioan mojitoak egin genituen, harrera ona izan zutenez, horietako lagun batek bere auzoko jaietan mojitoak egiteko proposatu zigun. Horrela, urte bereko urrian, Amara Berriko jaietan egin genuen lehen aldiz edari hori, ordura arte ohikoa zen baina jende gehiagorentzat. Bertan ere arrakasta itzela izan genuen, eta beraz, Groseko gure lagun batzuk ideia hori Zipotz jaietan ere egin genezakeela proposatu ziguten. Horrela hasi ginen auzoan mojito festa egiten, eta bide batez auzoari “hipergluzemia” bat sortzen.
-Zergatik mojitoak?
Karibeko edari bat denez, udaran edateko oso aproposa da. Osagaien arteko oreka ere oso ona da, azukrearen gozoa eta limaren azidotasunak oso ondo bat egiten dutelako. Udarako beroari aurre egiteko oso edari freskagarri eta aproposa da.
-Zein da zuen formula magikoa?
Garrantzitsua da jakitea ez dagoela formula bakar bat. Aldagai desberdinak ditugu, besteak beste, eguraldia, lekua edo eguna. Baina formula bat esan beharko bagenu, izotza oso garrantzitsua da. Udaran edaten diren edariek izotza eduki behar dute, hotza mantentzeko eta freskoak izateko. Horretaz gain, oso garrantzitsua da mendafin ona lortzea. Gainontzekoa, esan bezala, osagaien nahasketa eta oreka lortzeko aldagaiekin dantza egitea da. Azken hori oso aldakorra izan daiteke, baita egun berean ere.
-Nola bizi dituzue jaiak?
Beti bizi izan ditugu modu positiboan. Urtero kontzertuetara joateko ohitura dugu, eta baita egitarauko hainbat ekintzetara ere. Taldeko kideen parte hartzea desberdina izaten da norbanakoaren arabera, baina egia esan, mojitoak egiten ditugunetik gehiago kolaboratzea eta gure ekarpena egitea lortu dugu.
Topa jatetxea
“Auzo taberna bat izateko jaio ginen, eta Groseko bizilagunek oso harrera ona egin ziguten hasieratiK”
Topa jatetxeko Jordi Bross sukalde buruarekin elkartu gara, proiektu hau gertuagotik ezagutzeko asmoz. Duela bi urte ireki zituzten bertako ateak, eta auzoarekin zein jaiekin duten harremanari buruz galdetuko diogu, besteak beste.
-Noiz etorri zineten Grosera?
Duela bi urte ireki genuen Topa Sukaldería Agirre Miramon kalean, 2017ko otsailaren 23an, hain zuzen. Oso egun hunkigarri izan zen; ehunka bizilagun etorri ziren egun hartan, eta zorionez, gurekin jarraitzen dute oraindik ere.
-Zergatik aukeratu zenuten Gros auzoa?
Proiektua garatzen hasi ginenetik, argi genuen Grosen kokatu nahi genuela. Topa Sukaldería auzo taberna bat izateko jaio da, hori izan da beti gure grina eta Grosek espiritu herrikoi eta gazte hori du.
-Nola sortu zen zuen proiektua?
Andoni Luis Adurizek eta bere lantaldeak hainbat urtez Latinoamerikara egindako bidaietan sortu zen ideia, Atlantikoaren bestaldeko herrialdeetan euskal gizartearekin partekatutako historia horren zeinuak topatu baitzituzten. Izan ere, nahiz eta distantzia handia egon bi lurraldeen artean, elkarrengandik gertu gaude, denboran zehar produktuak, kultura eta folklorea partekatu baititugu.
-Zergatik aukeratu zenuten Topa Sukaldería izena?
Topa Sukalderíak ezagutzera eman nahi du euskal herritarrak eta latinoamerikarrak elkartzen gaituen mende luzeetako historia. Lurralde bietako gastronomiek bat egiten duten puntua da: produktuak, zaporeak, errezetak, historiak eta ohiturak partekatzeko espazioa da; gozatzeko, deskubritzeko eta ondo pasatzeko gunea. Eta “Topa” hitzak primeran laburtzen zuen grina hori. TOPA: Euskaraz, gazteleraz eta guaraniz, TOPATU.
-Zer moduz zaudete hemen? Bizilagunen erantzuna ona izan da?
Oso pozik. Esan bezala, auzo taberna bat izateko jaio ginen, eta Groseko bizilagunek oso harrera ona egin ziguten hasieratik; auzoaren parte sentitzen gara.
-Zer eskaintzen diozue auzoari?
Gros auzo bizia da eta eskaintza zabala du. Guk eskaintza horri gure ekarpena egin nahi diogu, gure izaera eta proposamen bereziarekin.
-Jaietan nola hartuko duzue parte?
Tortilla txapelketan jokoan dagoen sarietako bat gure tabernan afaltzeko bi pertsonentzako gonbidapena izango da. Gainera, txapelketako epaileetako bat izango naiz.
Agus Rodriguez
“Ezberdina den gune bat eskaintzen diogu auzoari”
Pandora tabernak aurten ireki ditu ateak, eta bertara gerturatu gara Agus Rodrigezekin hitz egitera, egitasmoa gehiago ezagutzeko, eta lehengo jaiak nola biziko dituzten galdetzeko. Proiektu hau ezagutzea auzotar guztientzat da interesgarria, baino auzoko guraso bazara erne irakurri datozen lerroak, ziur parte hartzera animatuko zarela eta!
-Noiz etorri zineten Grosera?
Urtarrilaren 30an zabaldu genuen taberna. Urrian hasi ginen obrarekin, eta urtarrilerako prestatu genuen toki berria. Rekalde, aurreko taberna, abenduaren 30ean itxi genuen azken festa batekin, eta urtarrilaren 30ean Grosen ireki genuen Pandora.
-Zergatik aukeratu zenuten Gros auzoa?
Hamazazpi urte pasa genituen Rekalden, eta 2017an jakin genuen 2018a izango zela zabalik egongo zen azken urtea. Urte horretan zehar leku berriak bilatzen aritu ginen, lagunek ezagutzen zituzten lokalei buruz hitz egiten zidaten, bilaketan laguntzeko. Horrelako batean, uztailean, hemen bizi den lagun batek esan zidan toki honetan negozioa zutenak utzi egingo zutela. Nik taberna hau lehenagotik ezagutzen nuen, bere garaian Klarisa izena zuen. Tokia bera gustukoa nuen, baita kokagunea ere. Gainera ni Grosekoa izanda, eboluzio naturaltzat hartu nuen berriro ere auzora itzultzea, izan ere, hemengo kalean jaiotakoa naiz, Jose Maria Soroan.
-Nola sortu zen zuen proiektua?
Rekalderen jarraipena da, gure helburua horixe baita, Rekalden egiten genuena orain Pandoran egitea. Ez dugu taberna arrunt bat izatea nahi; bakarrik jana eta edaria saltzeko gunea. Proiektu hau hori baina gehiago izatea nahi dugu, horrela, adibidez, dagoeneko lau libururen aurkezpenak egin ditugu, bertso saio bat, eta abar.
-Zergatik aukeratu zenuten Pandora izena?
Hainbat arrazoirengatik: alde batetik, emakume baten izena jarri nahi genuen, eta izena internazionala izatea nahi genuen. Mundu guztiak ulertzeko moduko izena; edozein hizkuntzatan berdin esaten da Pandora. Bestetik, Pandoraren istorioarekin metafora eginez, Rekalden hamazazpi urte hauetan bildu ditugun energia positibo guztiak kutxa batean sartu, hona ekarri, eta zabaldu ditugula adierazi nahi genuen. Pandoraren kondaira ere zenbait modutan kontatzen da; gehien entzuten den bertsioaren arabera, emakume hura arduragabea izan zen kaxa zabaldu zuelako, eta gaitz guztiak atera zituelako. Baina istorioaren inguruan ikertzen aritu nintzen, eta bestelako kontakizunak ere badaudela jakin nuen: kutxa horretan zeuden gauza guztiak onak eta txarrak, gizakiok gozatzeko eta sufritzeko ziren, hori eman zigun Pandorak. Izen horren aukeraketarekin, istorioaren bigarren ikuspegi hori zabaldu nahi dugu.
-Zer moduz zaudete hemen? Bizilagunen erantzuna ona izan da?
Oso pozik gaude, oso ondo egokitu gara. Ni naiz lantaldeko bakarra Grosekoa dena, beraz nire izenean hitz egiten ari naiz, baina denok gustura gaudela esango nuke. Niretzat berezia da, esan bezala, auzo honetakoa naizelako. Hemen jaio nintzen, eskolara joan, hainbat taldetan parte hartu izan dut, besteak beste, Jai Batzordean, begirale izan nintzen… Urte horietan guztietan ezagututako jendea ikusten ari naiz orain hemen. Aspaldi ikusten ez nuen jendearekin elkartzen ari naiz, ikaskideak eta irakasleak izandakoak gaur egun gure bezeroak dira. Ilusio handia egiten dit, urte asko neramatzan jende hori ikusi gabe; gezurra dirudi, Alde Zaharra hain gertu egonda hainbeste denboran pertsona hauek ez ikusi izana. Pandoraren beste gauza polit bat da adin guztietako jendea elkartzen dela. Auzo honetako koadrila batzuk beren ibilbidean sartu gaituzte hasieratik, egunero-egunero etortzen dira, bezero fidelak dira.
-Zer eskaintzen diozue auzoari?
Nik uste ezberdina den gune bat eskaintzen diogula auzoari. Jendearen esker ona jaso dugu hasieratik. Alde batetik, espazio hau gu etorri baina lehenago joko aretoa zen, eta jende guztiarentzat errekuperatu nahi izan dugu, hori asko baloratu dute bizilagunek. Bestetik, euskal giroa dagoen gune bat izatea ere pozgarria izan da auzotarrentzat. Taberna asko daude Grosen, baina gutxitan artatzen zaituzte euskaraz, hemen, ordea, bai. Euskaraz artatzeaz gain, karta ere euskaraz dago, orokorrean euskal giroa dago. Horretaz gain, jende oso ezberdina gustura egon daitekeen gune bat eskaintzen dugula uste dut. Jendea ohartu da beste mentalitate bat dugula, kultur ekimenak sustatzeko gogoa dugula. Adibidez, kantu jira asteburu honetan hona etortzea ohore bat da guretzat.
-Jaietan nola hartuko duzue parte?
Hainbat ideia ditugu buruan, eta auzoko talde batzuk ere etorri dira proposamenekin, esaterako Groseko Asanblada Feministako kideek “punkaraokea” egingo dute hemen. Bestelako ekintzaren bat egiteko ideia ere badugu, baina zein egunetan egingo dugun pentsatu beharra dugu, egitarauan gauza asko daude eta ez dugu beste ezer estali nahi, Jai Batzordearekin hitz egin beha dugu.
Helduen danborrada
“Danborrada oso parte hartzailea da, alaitasun handia
ematen die jaiei.”
1991tik helduen danborradak gure auzoa girotu du bere danbor eta kupel hotsekin.
Aurten, 29. edizio honetan, uztailaren 20ean, larunbatean, abiatuko da Nafarroa Behera plazatik arratsaldeko 18:30ean. Aurretik entseguak uztailaren 15, 16 eta 17an izango dira Txofreko enparantzan. Danborrada honen antolaketa taldean parte hartzen duten Ane Fernandez, Onditz Odriozola eta Ane Telleriarekin bildu gara antolakuntzari buruz hitz egiteko.
-Iaz hasi zineten danborrada antolatzen. Zer dela eta animatu zineten?
Ane Fernandez (A.F.): Danborrada antolatzeko partaideen erreleboa behar zen, eta iaz bi lagun animatu ginen lan hori egitera.
Onditz Odriozola (O.O.): Beste urte batzuetan parte hartzaile gisa ibili izan gara. Jaietan gure ekarpena danborradaren antolaketan egin genezakeela ikusi genuen, eta ardura hori hartzea erabaki genuen.
A.F.: Iaz Onditz eta biok hasi ginen, eta aurten Ane Telleria batu zaigu antolatzaile taldera.
-Nola antolatzen zarete?
AF: Jaiak baino hilabete lehenago biltzen gara. Egia esan, dena nahiko antolatuta egoten da, aurreko urteetatik pasa dizkiguten puntuak ondo zehaztuak baitaude, beraz horiek jarraitzen ditugu, beti momentuko egoera eta berrikuntzei egokituta, noski. Elkartu egiten gara, egin beharrak zehaztu, eta ardurak banatzen ditugu. Izen ematearekin eta honen zabalkuntzarekin hasten gara. Ondoren harremanetan jartzen gara danbor eta kupelen zuzendariekin, ordutegia eta ibilbidea zehazten ditugu, udaletxean baimenak eskatzen ditugu, eta ibilbidean geldiuneak egiten ditugun taberna eta elkarteekin hitz egiten dugu. Txarangarekin ere jartzen gara harremanetan, eta beraiekin bi hitzordu egiten ditugu: bat entsegu nagusian eta bestea egunean bertan. Danborrada ondorengo afaria ere antolatzen dugu, Marrumarekin hitz egiten dugu ogitartekoak prestatzeko.
Egunean bertan lehenago geratzen gara, eta momentuko ardurak banatzen ditugu, adibidez, nork eramango dituen ordezko makilak.Plazan, Kale Berrian, Secundino Esnaolan eta
-Zenbat pertsonek hartzen dute parte?
A.F.: Lehengo urtean, adibidez, 74 lagunek hartu genuen parte danborradan. Espero dugu aurten zifra hori bete eta gainditzea.
-Aurten berrikuntzarik izango duzue?
A.F.: Aurten gure berrikuntzarik nagusiena Ane gure antolaketa taldeko kide berria da.
-Zein ekarpen egiten dio danborradak auzoari?
A.F.: Nire ustez Onditz eta biok antolakuntzan sartzearen arrazoietako bat, erreleboaren beharraz aparte, guk danborradan oso ondo pasatzen dugula da. Alaitasun handia ematen die jaiei, eta oso parte hartzailea da.
O.O.: Jende berria ezagutzen duzu. Hainbat koadrila elkartzen gara, eta ikusten da benetan nahasten garela egun horretan.
-Zer esango zeniokete parte hartzeko zalantza duenari?
A.F.: Lotsarik ez izateko, animatzeko. Giro polita egoten dela, eta bakarrik edo lagunekin, nahi duen bezala, izena emateko eta gerturatzeko danborradara, oso ondo pasako duela. Ez daukagu zalantzarik.
-Danborradaz gain, nola bizi dituzue jaiak?
O.O.: Oso giro alaiean bizi ditugu. Elkarrekin gehien egon gaitezkeen unea da, eta gertuenetik bizi dugun momentua ere bada.
AF: Ilusio handiz bizi ditugu eta gogotsu. Aukera ematen digu auzoko jendearekin eta lagunekin egoteko, baita kaleak hartzeko ere.
Groseko Surf Indarra
“Jaien ekintza eremua zabaltzen dugula uste dut, eta jaiak auzoko jende mota ezberdin gehiagorengana zabaltzea lortzen dugula.”
Groseko Surf Indarra taldeko Jon Mikel Zubeldiarekin elkartu gara, jaietan nola parte hartzen duten jakiteko, eta orokorrean taldea gehiago ezagutzeko.
-Zer da Groseko Surf Indarra, zer egiten duzue? Duzuen neurria ulertzeko, zenbat jende biltzen zarete elkartearen bueltan?
Surf eta bodyboard kirol elkarte bat gara. Hauek dira gure alorrak:
-300 bazkiderentzako federakuntza lizentziak, aldagela eta biltegiak kudeatzen ditugu.
-Surf eskola kudeatzen dugu, urtean 1.000 ikasle baino gehiago etortzen dira gure eskolara, eta hainbat talde osatzen ditugu: ikastetxeetatik etortzen diren ikasleak, udako taldeak, neguko jarraipen taldeak, eta kanpotarrak. Hastapenetik hasi eta maila teknikoetaraino surfa lantzen dugu.
-Hezkuntza programa bat garatzen ari gara ikastetxeekin, surfaz gain gure inguruneari buruz dugun ikuspegia lantzeko. Surfa hainbat taillerrekin nahastuta, besteak beste, honako gai hauek lantzeko asmoa dugu: ekologia, emozioak, nortasuna, kontsumismoa edo gailu elektronikoen erabilera.
-Surf entrenamenduen teknifikazio programa garatzen dugu -12-14-16-18 eta open kategoriako 14 kirolarirekin eta bi entrenatzailerekin. Hauekin kirolari proiektua eraikitzen dugu, eta txapelketa mailan zentratzen gara.
-Surf txapelketak antolatzen ditugu. Horretaz gain, Euskal federazioak eta Gipuzkoako federazioak Donostian antolatzen dituzten txapelketen antolaketan kolaboratzen dugu.
-Taberna-txiringitoa kudeatzen dugu udako denboraldian. Kontzertutxoak eta proiekzioak antolatzen ditugu, beste ekintza batzuen artean.
-Nola sortu zen elkartea eta nolatan jarri zenioten izen hori?
Groseko Indarra izena udako arratsalde batean sortu zen, Groseko hondartzako muro zaharrean. Egun hartan ez zen olaturik egongo, noski, eta hortxe elkartu ziren surflari mitiko batzuk itsasoa lau-laua egonda zer egin ote zezaketen asmatu nahian. Klub bat, talde bat, banda bat edo antzeko zerbait osatzea bururatu zitzaien orduan. Juanpe Sansinenea, Rene eta besteren bat zegoen tartean. Juanpek esan zuen Groseko muturraren indarra eta euskal indarra irudikatzen zuen izenen bat aukeratu behar zutela.
“Eusko Indarra” izeneko batailoi batean ibilia zen bere aitona 36ko gerratean, eta hortik sortu zen “Groseko Indarra” izena. Eskerrik asko izenagatik!
Groseko Indarra” izena jarri ziotenean. Gabi Lasa “Gabilan”, Iñigo Iraola “Ambi” eta Alfonso Azketa “Txontxo” izan ziren antolatzaileak. Zuetako gehienontzat ezezagunak izango dira izen horiek, baina surflari horiek Donostiako surfaren historian oso garrantzitsuak izan dira.
Beranduago, 2000. urtean elkartea ofizialki sortu zuten Jesus Jimenez, Carlos Marichalar, Julen Larrañaga eta Haritz Mendiluzek. Helburua, guztion gozamenerako elkarte bat sortzea zen, Donostiako surflarientzat bilgune bat izango zena, eta kirola hainbat alderdietatik landuko zena. Urteak aurrera joan ahala, bazkide kopurua handitzen joan zen, eta elkarteak eskaintzen zituen zerbitzuak hedatzen joan ziren: surflariak aldatzeko eta hauen materiala gordetzeko hondartzan instalakuntzak lortu ziren, surf eskola sortu zen, eta nazioarteko mailako txapelketak antolatzen hasi ziren. Horrela, urteek aurrera egin zuten, 2013. urtea arte. Garai horretan belaunaldi aldaketa eman zen elkartearen kudeaketan, Jon Mikel Zubeldia, Edgar de Pedro eta Lander Irazabalbeitiak sorturiko zuzendaritza taldearen eskutik. Ordutik hona, elkarteak hazten jarraitu du, eta gaur egun 300 bazkide inguru gara. Horretaz gain, 2015ean instalazioak berritu genituen, eta surf eskola erreferente bat gara Donostian. Hori gutxi balitz, hain txoko berezia den txiringito – taberna kudeatzen dugu. Eta hori guztia Zurriolako hondartzan egiten dugu, hondarretan bertan, Sagueseko izkinan. Sekulako luxua da!
Gure klubak ibilbide laburra duen arren, arrakasta handiak lortu ditu txapelketetan, eta maila handiko surflariak eta bodyboarder-ak ditugu gure artean, hala nola: Joserra Martínez, Marta Huércanos, Norman Landa, Haritz Mendiluze, Julen Larrañaga, Agurtzane Otegi, Iñigo Ganzarain, Lander Irazabalbeitia, Iñaki Gorospe, Beñat Elosua, Borja Gainzarain, Borja Agote, Ethan, edo Julen Egiguren. “Gur indarra batuz, Groseko indarra bultzatutz” lemari jarraitzen diogu.
-Zer antolatu duzue Groseko Zipotz jaietarako?
Larunbatean honako egitarau hau antolatu dugu:
08:30 – 14:30 Surf txapelketa
14:00 Paellada by Ilove Paella
18:00 Trikipoteo Sagues auzoan Joselontxos Txarangarekin
20:00 Sari banaketa
20:30 DJ saioa
21:00 Barbakoa
22:45 Kontzertuak
-Berrikuntzarik egin duzue aurreko urteko egitarauarekin alderatuta?
Ez dugu berrikuntza handirik egin. Garatzen dugun egitaraua bazkideen egitasmo eta antolakuntzaren araberakoa izaten da.
Aurten oraingoz ditugun proposamenen artean hauek azpimarra daitezke:
20:00etatik aurrera DJa izango dugu, afalordua girotuko duena.
Kontzertua 12-14 urte bitarteko bazkide batzuek osatzen duten talde batek emango du.
Oraindik ez dugu zehaztu, baina agian erakusketa bat antolatuko dugu, Artea Toailetan izena duena.
-Zer uste duzue eskaintzen diezuela jaiei? Eta auzoari?
Hasteko, jaien ekintza eremua zabaltzen dugula uste dut. Katalunia plazatik Saguesera (Zabaleta tarteko) Groseko auzoa konektatzen dugu. Bazkari herrikoia, paellada, irekia da (ez da soilik bazkideentzat), eta une oso polita izaten da, auzotarrak eta gure lagunak biltzen baikara. Trikipoteoarekin jaia Sagueseko tabernetara hurbildu nahi izaten dugu, eta kontzertuetan bertako taldeei nagusitasuna ematen saiatzen gara. Horrekin guztiarekin, agian, Groseko Jaiak auzoko jende mota ezberdin gehiagorengana zabaltzea lortzen dugula uste dugu.
-Nola bizi dituzue jaiak?
Egia esan, udako garai hau guretzako lanaren sinonimoa da. Surf ikastaroak ematea nahiko nekagarria da, eta horrez gain, nahiko lanpetuta ibiltzen gara egun horietarako gauzak antolatzen. Tamalez, ez dugu egunean zehar antolatzen diren ekintza askotan parte hartzeko aukerarik. Hala ere, beti ateratzen dugu tarte bat Katalunia plazan kontzertuak ikusteko.
-Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Neri pertsonalki jaietatik gehien gustatzen zaidana jende ezberdina nahastuta, denak giro alaiean ikustea da: haur eta zaharrak batera; familiak eta kuadrillak; alde batekoak eta bestekoak, denak ondo pasatzeko asmoarekin.
-Beste zerbait gehitu nahi duzu?
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet Groseko Jai batzordean inplikatuta zaudeten partaideei: beti aurkezten duzuen espiritu parte hartzailearengatik, guri lagundu eta gauza asko errazteagatik, eta urteak aurrera jarraitu ahala gauzak egiteko grina hori edukitzeagatik.
Bestetik, mezu bat luzatuko nieke jaietan gozatzen duten guztiei: gauza horiek guztiak ez dira bakarrik aurrera ateratzen, beraz, antolatzaileei laguntzeko deialdia egiten dizuet, ekarpenak egitera animatzen zaituztet, hau da, modu batean jaiekiko jarrera aktiboa izatea.
Haurren lan-taldearen biziberritzea
-Haurren lantaldearen biziberritzea
Jada bospasei urte Gros auzoko Urratsa Aisialdi taldeak haurren lan-taldearen gidaritza hartu zuela, geroztik Gros auzoan zeuden ekitaldi eta jaietan haurren presentzia ziurtatzea izan da gure helburua. Hala ere, hainbat izan dira urte hauetan ikusi ditugun arazoak, eta horiek konpondu nahian haurren lantaldearen biziberritze prozesua hasi dugu.
Biziberritze horretan haurrekin erlazionatuak dauden beste eragileengana jo dugu, batik bat gurasoengana. Gurasoak jaietan alboratuak eta ikusle moduan egon dira askotan; hori eraldatzeko eta jaietan rol bat izateko asmoz haurren lantaldeak euren ikuspuntua txertatzea erabaki du. Horretarako, jaien sortze prozesuan parte-hartze zuzena izateaz gain, beste hainbat ekintzetan eskuhartze zuzena izango dute, hala nola, txokolatadan.
Horretaz gain, haurren lantaldeak interesa duen pertsona edo eragile orori eskua zabaltzen dio gure eta aldameneko auzoetako haurren aisialdiko ekintzetan parte hartzeko eta harremanetan egoteko.
Aurtengo jaiei dagokienez, egitarau finko eta sendo bat aurkeztu nahi dizuegu. Azken urteetan bezala jaien hasiera eta amaiera emanaldiak izango ditugu, aurpegia margotzeko aukera ere izango dute haurrek! Lau egunetan zehar buruhandi eta erraldoiekin gozatzeko aukera izango dugu, baita ostiral eta larunbatean Urrats Taldeko jolasekin ere. Biziki gomendatzen dizuegu haurren egitaraua ongi arakatzea, zeure gustuko zeozer topatuko duzuelakoan gaudelako.
Gainera, azken urteen antzera auzoko haur orori HAUR DANBORRADAN parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. Hainbat adinetako haurrek gure auzoko kaleak danbor eta kupel hotsez beteko dituzte ostiral arratsaldean. Hots horien artean zuenak ere egotea gustatuko litzaiguke. Danborrada amaitutakoan, aurreko urtean bezala, haurrentzako afaria egongo da.
Bestalde, gure lantaldeari laguntza eskaini dion eragile eta norbanako orori eskerrak eman nahi dizkizuegu. Benetan pentsatzen dugu gaur egun jaietan eta kaleetan hezten ari garen haurrak etorkizuneko auzokide izango direla, eta beraz, gure auzoko jaiak eta kaleak eurenak ere bilakatzea dela gure helburua. Horretan lagundu digun, laguntzen digun eta lagunduko digun guztiei besarkada bero bat gure partez.
Azkenik, lan-taldearen biziberritze lanetan gure logo propioa sortu genuen iaz. Logo horren bitartez, auzoa haurrena ere badela, eta hori lortu nahi dugula adierazi nahi genuen. Beraz, irudi hori zabaltzen laguntzeko eskatu nahi genizuen. Horretarako, aurten ere txapak egingo ditugu, eta jasotako diruarekin egitarua eta ekintzak hobetuko ditugu: eraiki dezagun denon artean haurren auzoa, haurren Gros!
Haurren lantaldea