Zaila izan da jai hauek nola ospatu erabakitzea, denok dakizuen bezala egoera astetik astera, edo hobe esanda, egunetik egunera aldatzen joan baita: emozioak eta beharrak ez dira berak izan konfinamendu garaian, deskonfinamenduan, ondorengo “normaltasun berrian” edo gaur egun. Hori dela eta, etxetik atera ezin ginenetik, atzo arte jai batzordeko kideok bilerak egiten aritu gara, zer eta nola egin erabakitzeko. Zalantza askoren artean, hasieratik bi gauza eduki ditugu argi: batetik, jaiak era batera edo bestera ospatuko genituela, izan era sinbolikoan, izan egitarau osatuago batekin. Bestetik, arduratsu jokatuko genuela, egoerak eskatzen dituen osasun neurriak gure gain hartuz, eta auzoarentzat eredugarri izanda.

Hori guztia kontuan hartuta, eta egungo egoeraz jabetuta, eskuartean genituen zenbait jarduera bertan behera utzi ditugu, eta pandemian eraginik edukiko ez duten ekintzak mantendu ditugu: inolako pilaketarik eragingo ez dutenak. Auzoko ostalarien egoerarekin ere arduratuta gaude, eta euren jardunean laguntzeko pintxo lehiaketa mantendu egin dugu, baina lagun taldeen multzoak ekiditeko moduan.

Ikus daitekeen bezala, bueltaka eta bueltaka aritu gara jaiak ospatzeko modu berriak pentsatzen, eta horretarako denon ekina izan da garrantzitsua (jai batzordeko partehartzaileena, komertzio eta ostalariena, auzoko hainbat eragilerena…). Tamalez, ezin dugu gauza bera esan Donostiako Udalaz. Hasieratik oztopoak jarri dizkigute: ez zuten gurekin behar bezala partekatu egoera zein zen. Gu beti laguntzeko prest agertu ginen, haiek, ordea, ez zuten erantzunik eman auzoetako jai guztiak bertan behera geratuko zirela posta elektroniko baten bidez jakinarazi ziguten arte. Hori gutxi balitz, eurak antolatutako ekimen guztiek aurrera egin dute, gogoratu besterik ez dugu San Juan bezperan euren sua izan zela baimenduta piztu zen bakarra. Hori ikusita, guk ere arduraz jokatuta eta egoerara egokituta, zerbait antola genezakeela adierazi genien, auzotarrentzat jaien arima sentitzea inoiz baina garrantzizkoagoa zela ikusten baikenuen. Ondorioz, udal ordezkariekin bildu ginen. Hainbat aukera aztertu genituen, baina esan beharra dugu ez dugula benetako elkarlanerako borondaterik ikusi; azken unerarte plazaren bat erabil genezakeen ere ez baitigute erantzun.

Denbora luzez jarrai genezake udalaren jarrera gaitzesten, baina finean, ondorio nagusia hau da: herritarroi antolatzeko eta arduradun jokatzeko aukerarik ere ez digute eman; argi utzi dute eurentzat kalea norena den. Guk, ordea, jaiak auzotik auzoarentzat eta elkar zainduz egin ditzakegula erakutsi dugu. Noski, ez da kasualitatea, 30 urtez, belaunaldiz belaunaldi jaiak antolatzen ikasi dugu, eta datorren egoerara arduraz eta konpromisoz egokitu gaitezkeela erakutsi dugu.

Gehiago luzatu gabe, hemen duzue aurten antolatu dugun egitaraua:

OSTEGUNA 16,

17:00 Auzoaren apainketa. Etorri maskarillarekin

19:00 Kotxe karabana auzoan zehar. 

20:00 Eraso sexisten aurkako argazkia

OSTIRALA 17

12:30 Tabernen arteko pintxo lehiaketa 

17:00 Pala eta pilota txapelketa, Sagueseko frontoian

LARUNBATA 18

18:30   Jai herrikoien aldeko kalejira, Nafarroa behera plazarik aterata. Etorri maskarillarekin

IGANDEA 19

Artisaua azoka katalunia plazan

10:00 Elkarte eta koadrilen arteko marmitako lehiaketa, Marruma elkartean

Amaitzeko, garai hobeak etorriko direla gogorazi nahi dugu, eta jai hauen 30 urteak behar bezala ospatuko ditugula!!

Gora Groseko Zipotz Jaiak!