UBARROIAK 10 URTE

10 urte igaro dira Ubarroiak jaio zirenetik. Hasierako amets txiki batetik, Gros auzoan beren sustraiak errotuz eta beren balioak zabalduz gaur egungo errealitatera iritsi dira. Urteurren berezi hau ospatzeko, kide batzuekin bildu gara hamarkada honetako hausnarketak parteka ditzaten:

-Zer dira Ubarroiak?
Aste nagusi pirata orain dela 21 urte sortu zen, Donostiako hainbat koadrila, gazte asanblada, jai batzorde eta tabernarien eskutik. Hauek guztiek, etekin ekonomiko pribatuen mesedetara bideratutako aste nagusiaren aurrean, herritik eta herriarentzako sortutako jaiak aldarrikatu nahi zituzten. Modu honetan, pribatizatutako, kale, plaza zein badiak herriari itzuli eta Donostia aske eta errebeldea eraikitzeari ekin zioten. Mugimendua handitzearekin batera, Piratak kofradia ezberdinetan antolatu ziren. Horrela, Groseko kofradia, Ubarroiak, 2014. urtean jaio ginen.

-Eta zertarako piratak Grosen antolatu?
Auzoaren interesetik urruti dauden espekulatzaile zein makroproiektuen aurrean antolatu behar garelako. Arazoa ez da Donostiako alde zaharrera bakarrik mugatzen, eta Grosen ere jai herrikoiak aldarrikatzeko beharra dugu. Auzoan euskara bultatzeko beharra ere ikusten dugu, Grosen euskararen erabilerak behera egin baitu, eta horrenbestez, Ubarroiok ezinbesteko jotzen dugu bai egunerokoan bai jai giroan euskara sustatzea. Turistentzat bideraturiko hiriaren gainetik auzo euskaldun, parekide eta herrikoia eraiki nahi dugu. Gure sareak estutu, komunitatea landu eta eraiki nahi dugun auzo hori aldarrikatzen
dugu.

-Imajinatzen dugu urte gorabeheratsuak izan direla azkenak, pandemia oso bat tarteko, orain nola aurkitzen zarete?
Zein asmo aste nagusi piratari begira?

Pandemiaren garaiak eta hurrengo urteak ez dira errazak izan guretzako. Jai herrikoiak antolatzeko mugapenak eta trabak arazo nabariak izan dira. Hala ere, Ubarroiok esna eta prest gaude Aste Nagusi Pirata auzora ere ekartzeko. Aurten gainera 10 urte beteko ditugu eta ilusio berezia egiten digu. Lehen larunbatean, Txofre plazan, ohikoa den legez kanoikada edukiko dugu asteari ongi etorria egiteko. Asteartean guretzako hain garrantzitsua den Gros Pirata Eguna antolatuko dugu. Goizean umeentzako albardatzea eta trikipoteoa izango ditugu, eguerdian Txofren bazkari herrikoia eta arratsaldean elektrotxaranga. Ostiralean Danborrada Pirata izango dugu alde zaharretik hasi eta groseko kaleetan zehar mugituko dena.

-Urtebetzeko ezinbesteko galdera, nola ospatzeko asmoa duzue?
Aste nagusiari dagokionez Ubarroien kofradia urte guzti hauetan parte hartu duten generazio guztien bilgunea izatea nahiko genuke. Atzoko, gaurko eta bihar ubarroi izango diren pirata guztiak batu eta denok batera urte berezi hau ospatzeko gogo haundia dugu. 

Horrekin batera dokumental txiki bat ere egin nahi dugu. Azken hau atzera begiratzeko, 10 urte hauetan egindako lan guztia gogoratzeko eta urte horietatik irakaspenak hartzeko balio izango duela uste dugu. Aldi berean, ubarroi izan diren guztiak omendu eta datozen hamar urteak motibazioz begiratzeko balioko du.

-Egongo da auzoan agian kofradiara batu nahiko duenik, zer egin behar du? 
Oso erraza! Ubarroiok aste nagusia antolatzeko urtero bilera irekia antolatzen dugu, hurrengoa Uztailaren 23an izango da Groseko Hondarpe auzo elkartean, arratsaldeko 18:30etan. Bertaratzeko arazorik izango bazenute sare sozialen bidez lasai galdetu eta gurekin harremanetan jarri, besoak zabalik jasoko ditugu pirata guztiak!

-Ubarroiak 10 urte. Nola definituko zenituzkete hamar urte hauek esaldi bakarrean?
Parranda maite duen eta nortasun propioa duen Groseko piraten kofradia euskalduna, feminista eta errebeldea.

-Laburrean:

-Kolore bat: Urdina
-Abesti bat:Ubarroien bosgarren urteurreneko abestia, Howdy taldea egin
-Groseko leku bat: Kalea, gure topalekua.
-Ekimen bat: Gros Pirata Eguna
-Janari bat: Makarroiak tomate eta txorizo pikantearekin turnoa amaituta goizeko bostetan

“Husteko eta munduaz ahazteko bide bat da”

Hasi dira, dagoeneko, Pilota eta Pala txapelketako partidak Sagueseko frontoian. Bertara hurbildu gara, eta harmailetan eserita topatu ditugu Maddi Zubeldia eta Amaia Zubelzu bikote Usurbildarra, eta Saioa Olaizola Donostiarra zein Izaskun Salaberria San Pedroarra. Partida amaitu berri dute, eta gizonezkoen saioa ikusi beharrean, elkarrizketa atseginean ari dira, platanoa janez energia berreskuratzen duten bitartean. Haiengana hurbildu gara zergatik eman duten izena jakiteko.

-Nola izan duzue Groseko pilota eta pala txapelketaren berri?
Izaskun: Iaz lagun batzuek jolastu zuten. Mixtoa zen torneoa, eta gizonezkoekin batera jokatu zuten. Aurten emakumeen goma-txapelketa egingo zela aipatu ziguten, eta horregatik gaude hemen.

Amaia: Guk ez genuen azken unera arte jakin. Klubeko lagun batek esan zigun jendea falta zela, eta parte hartzera animatu gintuen. Halaxe etorri gara!

-Azken fitxaketa izan zarete, beraz?
Amaia: Hori da, azken-azken unekoak.

-Antolatzaileen erronka, aurten, emakumezkoen gomazko taldea ateratzea izan da, eta lortu dute. Zuek zergatik eman duzue izena?
Maddi: Nik, adibidez, tenisean eta goman (bietan) eman dut izena. Hasiera batean, tenis- txapelketan aritu naiz, baina, egia da, gomarekin entrenatzen hasi garela, eta gustua hartu diogula. Gainera, ohartu gara gomakoan uste baina emakume gehiago ari garela. Giro oso polita sortzen da batzen garen bakoitzean, sanoa. Nik uste, gehienbat, horregatik apuntatu naizela.

-Diferentzia handia dago teniseko eta gomazko pilotaren artean?
Amaia: Niretzat behintzat bai. Biak probatu ditut eta bai, aldea dago. Maziza probatu nuen egunean behintzat harrituta geratu nintzen; “zer da hau?”. Tenisekoa, ikastolan probatzen duzu, ohikoa da. Baina maziza, gure inguruan orain arte ez dugu eduki. Eta kasualitatez hasi ginen. Hurbileko lagun bat pelota munduan hasi da ere, mazizarekin. Bere partido ikustea joan ginen eta Maddik xaxatu ninduen probatu nezan. Probatu eta kriston pila gustatu zitzaidan.

Maddi: Gomazko pilotaren ezaugarri nagusia bizitasuna da. Tenis-pilotarekin gauzak egin daitezke noski, baina gomazkoarekin airez sartzeko aukera duzu, eta palaz ondo jotzen duzunean, beste abiadura bat hartzen du. Horrek poz handia ematen dizu: “hau bai ona!”. Husteko eta munduaz ahazteko bide bat dela iruditzen zait.

Amaia: Neretzako klabea da esan duzun hori Maddi. Desaogatzeko ederra da. Gomazkoarekin asko sentitzen da pelota, eta ondo harrapatuz gero, piloa gozatzen da. Gertatu izan zait, lanetik atera, entrentzera joan edo ez zalantza izan, eta gero, entrenamendutik beste umore batekin ateratzea.

-Zer esango zeniokete izen emateko zalantzati den emakumeari?
Izaskun: Noski, animatzeko! Baina aldez aurretik lehenago probatzeko, bestela zaila baita. Pixkat entrenatzeko gomendatuko nioke. Hasieran zaila da enpalatzea, baina entrenamendu pixkatekin joango da trukoa hartzen.

Maddi: Hasieran normala da ez jakitea eta lotsa izatea. Gu adibidez oraintxe hasi gara; non jarri frontoian, nola eman, erridikulua egingo oten duzun, ez… baina jendea azkenean zu bezala etorriko da, eta partido politak atera daitezke. Batzuk bai, besteak ez, baina helburua azkenean gozatzea da.

-Entrenamendurako gomendiorik orduan?
Amaia: Errezena klub batera hurbiltzea litzateke eta haien gomendioak jarraitzea. Nik ez nuen ezagutzen, eta handik eta hemendik galdetuta berehala jakin nuen non zeuden emakumeak, noiz entrenatzen zuten…. eta halaxe hasi nintzen. Hala, konturatu nintzen frontoian ere emakumeak bagaudela.

-Txapelketa hasita, zer moduz lehen kontaktua?
Izaskun: Ondo. Egia da Sagueseko frontoi hau berezia dela; txikiagoa, horma asko ditu (atzean, ezkerretan, eskubitan….) eta beno, lehen aldia izan da hemen jokatzen genuela, eta pixkat konplikatua izan da kokatzea. Baina berehala hartu diogu trukoa eta ondo joan da. Maddi eta Amaiak irabazi dute, oso ondo irabazita gainera.

Maddi: Polita. Ezberdina izan da. Frontoi bakoitzak bere ezaugarriak ditu, hau txikiagoa da, guk pelota bizia hartu dugu gainera eta beraz dinamikoa izan da oso partida.

Alex Martinez (Zipotz)

“Ez dago festa handirik eta txikirik; hori norberaren inplikazioaren araberakoa da”

Alex Martinez ‘Zipotz’ donostiarrak (Gros) ia hiru hamarkada daramatza Groseko jaiak antolatzen. Beti hor izan dugu festen ‘arima’ edo ‘sostengua’ izaten, baina beti itzaletan auzoa dinamizatzen, bultzatzen, sustatzen. Aurten ardura horiei agur esango die.

-Urte asko daramatzazu Zipotz Jaietan buru-belarri. Bizitza osoa.
14 urterekin hasi nintzen eta ibilbide guztia egin dut orain arte. Hasieran tontakeria izan zen: goitibera bat prestatzen hasi ginen goitibera jaitsierarako. Lagunak animatzeari ekin eta Jai-Batzordeak hori ikusi zuenean, bileretara joateko gonbita egin zidaten. Animatu nintzen, baina hasieran zailtasunez, garai hartan zailtasunak nituen euskaraz hitz egiteko eta pixkana gehiago inplikatu nintzen orain arte.

-Beraz, esan daiteke Zipotz Jaiek zu ere ‘sortu’ zaituztela. Lehen, adibidez, elkarrizketak gazteleraz egiten zenituen, eta orain euskaraz.
Bai, bai, eta ez hori bakarrik: ni kartelak egiten hasi nintzen Jai-Batzordean, diseinua gustatzen zitzaidan, eta hori ikasten bukatu nuen. Hala muntatu nuen Muñagorri publizitate-agentzia. Nire bizitza-filosofia ere hortik dator: auzolanean eta boluntario. Azkenean, aukera eman dit auzoa ezagutzeko, eta bizitza gauzak antolatzen pasa dut. Ez bakarrik Jai-Batzordean, beste mila saltsatan egon naiz eta banago.

-Zipotz Jaiak zer dira zuretzat esaldi batean?
Nire bizitzaren parte inportante bat.

-Eta festek auzoari zer ekarpen egiten diote?
Auzoa egitea. Zer gertatzen da oraintxe? Gros ‘zentro’ bilakatzen ari dela, hirien zentroek ez baitute auzo-sentsibilitaterik. Herri izaera duen auzoak, elkarlanean gauzak eginda, partekatuta ospatuta, azkenean auzoa familia bihurtzen da. Eroso sentitzen zara jende desberdinarekin, eta azkenean, auzo-izaera sortzen da.

-Eta orain agur esango diezu jaiei?
Ez, ez diet agur esango, baina hirugarren plano batera pasako naiz.

Auzotar askok ez du jakingo, baina festen ‘arima’ edo gutxienez ‘sostengua’ izan zara urte luzez.

Bai, zeren hasieratik hartu bainuen pisu handia Jai-Batzordean. Hori zela eta, koordinazio paper garrantzitsua hartu nuen, eta urte pila bat daramat koordinazio lana egiten. Jende dezente dugu, zenbait talde eta kristoren egitaraua, eta talde-dinamizatzaile bat egon behar da dena koordinatzeko. Hor lan asko egitea tokatu zait; horrez gain, lanen bat ere jendeari asko gustatzen ez zaiona: diruzaintza eta papeleoa.

-Eta orain nortzuk jarriko dira lehen lerroan?
Jende gaztea, badatoz-eta pertsona desberdinak, berriak eta prest. Izan ere, jaiak ospatzeko, lehenengo batzuek antolatzeko ardura hartu beharko dute.

-Beti kontatzen duzun txaskarrilloren bat izango duzu.
Puf… Pila bat! Kuadrilan beti barre egiten dugun bat: Groseko festez gain, San Juanetan Saguesen ere kolaboratzen dugu. Behin, gasolina gehiegi jarri genuen eta kristoren eztanda egon zen. Hori izaten zen Javier Gereka zenak bere garaian esaten zuelako: “Aurten gehiago! Aurten gehiago!”. Gu gazteak ginen, eta gasolina gehiago botatzen genuen urtero… eztanda egin zuen arte. Ez zen ezer gertatu, baina hau sustoa!

-Zipotz Jaiak egon al dira noizbait desagertzeko arriskuan?
Jaiak, ez, baina Groseko Santo Tomasak, bai. Orain dela hogei eta gehiago urte antolatzeari uzteko aukera aztertzen aritu ginen, une batean jende askorik etortzen ez zelako eta dena Parte Zaharrean kontzentratzen zelako. Hori zela eta, inbertsio handiagoa egin genuen eta erromeria txukuna egin, egitaraua indartu, komertzioei kolaborazioa eskatu… Buelta ematea lortu genuen eta oso gustura gaude orain. Izan ere, Jai-Batzordeak Santo Tomasetan eta San Juanetan ere laguntzen du.

-Belaunaldi berriei zer esan nahi diezu?
Festak zuk antolatzen badituzu, San Ferminak izango balira bezala biziko dituzu; ez dagoelako festa handirik eta txikirik; hori norberaren inplikazioaren araberakoa da.

-Zertaz sentitzen zara harro eta zerekin penatuta?
Egitaraua kristorena da. Zuk konparatuko bazenu herri bateko programarekin -bitarteko gehiago du eta udalaren izugarrizko laguntza- eta ez duzu inolako inbidiarik izan beharrik. Zipotz Jaiek denetarik dute. Une berean batzuetan lau kontzertu ere izan ditugu: Txofren, Nafarroa Beherean, Katalunian eta Saguesen. Penatuta naiz, aldiz, auzoa ‘zaila’ delako. Gros asko aldatu da: lehen komertzio guztiak auzokoak ziren eta gehiago kolaboratzen zuten, kanpoko gero eta jende gehiago dago eta ez horren txertaturik auzoan…

-Nola ikusten duzu Gros hemendik urte batzuetara?
Uste dut okerrera joango dela; errealitatea hori da. Gero eta zailagoa da hemen bizitzea, eta auzotik joan direnek lotura galduko dute auzoarekin. Zaila da Grosera itzultzea…

-Eta etorkizuneko auzotarrei zer esan nahi diezu?
Auzoa egin dezatela.

-Espuela: zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?
Puff… Ibilbide honetan disfrutatu al duzu? Bai. Pila bat, tentsio-une guztiekin eta abar. Baina, aparte, ni ez nintzateke Alex izango jairik gabe.

-Espuelaren espuela: gure inguruko zeini zer galdera egingo zenioke?
Burura etortzen zaidan jendea jada ez dago gure artean. Tomas Gaztelu, adibidez. Niretzat errefererente bat izan zen auzo-elkartean. Presidente izan zen urte pila batez, Antxeta elkartearen eta Kaldereroen fundatzailea. Ea ondo egin dugun galdetuko nioke.

SARETXE

Saretxe gure auzoko etxebizitza sindikatua da, Hondarpetik jaioa. Bertan, etxebizitzaren problematik­­arekin erlazionaturiko gaiak jorratzen dituzte. Gaurkoan, beraiekin elkartu gara elkarrizketatxo bat egiteko.

-Zer da Saretxe?
Saretxe Groseko etxebizitza sindikatua da, Hondarpetik jaioa, hau da, auzo elkartetik. Auzokideentzako tresna gisa ikusten dugu. Hainbat gauzetan gabiltza: etxebizitzarekin zerikusia duten arrazoi ezberdinek eragindako bizilagunen kasuetan borrokatzeko estrategiak garatzen ditugu, sentsibilizazio kanpainak egiten ditugu (VT edo alokairu baldintzak, esaterako), Euskal Herriko etxebizitza sarearen parte gara, auzoko festetan parte hartzen dugu, etab.

-Urte asko daramatzazue etxebizitza eskubidea defendatzen Gros auzoan? Zeintzuk dira zuen helburuak auzoari dagokionez?
Saretxe 2016an jaio zen auzoko etxebizitzaren gaia lantzeko. Harrezkero, pixkanaka hazten joan da eta azken urteotan inoiz baino presentzia handiagoa lortzen ari gara. Aholkularitza-zerbitzuak ditugu, zeinen bitartez kaltetutako auzokideen kasuak jasotzen ditugun eta elkarrekin lan egiten dugun arazoa konpontzen saiatzeko. Etxebizitzaren gaia politikoa dela ulertzen dugu eta, beraz, zure arazoa gure arazoa ere bada (denok gaude etxebizitza-merkatuaren eraginpean). Bestalde, jendea inguratzen gaituen problematikaz jabetzea eta pixkanaka politikoki aktibatzea bilatzen dugu.

-Zein ekintza jarri dituzue martxan azken urteetan zehar?
Lehen aipatu dudan moduan, alde batetik kaltetutako auzokideen kasuak jasotzen ditugu aholkularitzetan. Horrela, arazoaren arabera, ekintza batzuk edo besteak jartzen ditugu martxan. Esaterako, Azorako maizter bat etorri zen guregana, inmobiliariak ez ziolako kasurik egiten bere problematikei. Ez zuen sukaldeko altzaririk, eta egun batean komuneko sabaia gainera erori zitzaion! Lehendik ere harremana genuen Azorarekin, ez baitzen bloke hartatik heldu zitzaigun lehen kasua. Gutun bat idatzi genuen sindikatuaren izenean eta astebetean langile batzuk joan ziren komuna eta sukaldea konpontzera. Orain beste bizilagun batzuekin antolatzen ari gara klausula abusiboak dituzten kontratuak dituztelako eta haien portal eta etxeek ia mantenurik gabe dituelako Azorak. Tamalgarria da egoera. Ramon María Lili kaleko beste auzokide batzuk ere batu dira gurera, urrian kaleratu nahi baitituzte. Bestalde, VTren gaia sakon landu dugu. Gida bat kaleratu genuen portaletan VTak debekatzeko pausoak azaltzen zituena eta orain alokairu kanpainarekin martxan gabiltza. Auzoko jaietan ere parte hartzen dugu (Santomasak, Zipotzak…), etxebizitzarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzen ditugu eta Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearen parte gara beste hainbatekin: AZET, Haritu…

-Nola erlazionatzen da sindikatua Groseko bizilagunekin?
Gure sindikatua berdintasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarritzen da. Ez dugu zerbitzu bat eskaini nahi, ez gara ONG bat, uste baitugu hauek harreman hierarkikoak sortzen dituztela: ‘GUK informazioa eta baliabideak ditugu eta ZU zara biktima’. Denok ekarpenak egin ditzakegu eta denoi eragiten digu sistema berdinak. Gaur zuri eragiten dizunak bihar niri eragingo dit (edo beharbada dagoeneko ari da). Izan ere, gehienok jasaten dugu alokairuaren prezioaren igoera, etxebizitzen eta hipotekaren interesen gorakada, VTen presentzia, turista-masak kalean… Gainera, lan-merkatua gero eta prekarioagoa da eta gure lana ezegonkorragoa, ahultasun egoera bat sortuz, batez ere gazteen artean.

-Zuen ustez, zein arazok eragiten dio gehien Grosi gaur egun? Eta, zer modutan murritz daitezkeela uste duzue?
Zaila da galdera honi erantzutea, izan ere arazoen jatorria berdina izaten jarraitzen baitu. Gure bizitza merkantilizazio prozesuan gero eta murgilduago dago. Sindikatuan etxebizitzaren gaian jartzen dugu arreta, beste arazo batzuk alde batera utzi gabe, noski, baina horretara dedikatzen gara gehienbat. Eta dudarik gabe urtetik urtera okerrera egiten ari den arazoa dugu etxebizitzarena.

-Zeintzuk dira Saretxeren etorkizunarekiko itxaropenak?
Espero dugu apurka-apurka auzokideak gero eta kontzientzia handiagoa izango dutela espekulazioaren aurka eta etxebizitza-merkatu ereduaren aurka duten borrokatzeko gaitasunaz. Pixkanaka sindikatura jende gehiago batzea espero dugu eta bestela berea sortu dezatela! Nahi nagusia, herri antolatu bat eraikitzea da.

-Ze esanahi dute Zipotzak zuentzat?
Ospakizun gisa bizi ditugu, zeinetan komunitatea eta auzoa indartzeko gune kolektiboak sor ditzakegun. Espazio mota hauek gero eta urriagoak dira eta hauek mantentzea garrantzitsua da. Geure burua ezagutzera emateko gunea ere da, jende gehiagok ezagutu dezan auzokide guztien eskura dagoen tresna hau.

Go to Top